Erreferente ziren hainbat jokalarik taldea utzi dute; geratu direnekin eta harrobiagaz, proiektu berri baterako zimendua eraiki gura dute.
Aurtengoa trantsizio denboraldia izango dute Durango Rugby Taldeko gizonek. Iaztik hona gertatu diren aldaketak kontuan hartuta, talde orekatua eraikitzea eta esperientzia pilatzea dute helburu: berba bitan esanda, proiektu berri baterako zimenduak ezartzea.
Peio Urkidiren (Getxo, 46 urte) esku utzi dute proiektua. Urkidik 25 urteko esperientzia du entrenatzaile, horietako gehienak Getxo Rugby Taldeko beheko mailetan. Gaur egun, Euskadiko Selekzioko hainbat taldetako hautatzaile edo entrenatzaile ere bada. Hala ere, aurtengoa izango du seniorren errugbi talde bateko aulkian esertzen den estreinako denboraldia. Orain arte, eskola kirolean, kadeteetan edo gazteen mailan ibili izan da. Durango Rugby Taldearen filosofia atsegin duela dio, eta horregatik onartu duela entrenatzaile kargua: “Durangon gustatzen zaielako jokatzen dute errugbian. Ez dago Getxon edo Ordizian aurkitu ahal den lehiakortasun izaera. Harrobian sinetsi eta azken urteetan lan itzela egin dute arlo horretan. Horregatik onartu dut egin zidaten eskaintza”.
Zuzendaritzaren babes osoa du aurretik duen proiektua gauzatzeko. Taldearen helburua Ohorezko B mailari eustea da, baina erotu barik. Lehenengo, etorkizunari bermeagaz aurre egiteko apurka-apurka talde dinamika sortu eta sendotu.
Izan ere, erreferente ziren hainbat jokalarik taldea utzi dute: Zorion Zabalak eta Jabi Ricok, esaterako. Aurreko lerro osoa berria izango da aurten; orpokatzailea ere bai. Baliteke Rico (taldeko kapitaina) hile batzuen barruan bueltatzea, baina momentuz bera barik hasiko dute denboraldia.
Urkidik itxaropen handia du harrobian: “Orain urte batzuek jokalari gutxi hautatzen zituzten Euskadiko selekzioetarako eta orain hainbat joaten dira. Maila badago”. Aurten gazteen mailako jokalariak erabiliko dituela adierazi du. Beraz, “formazioan dagoen taldea izango dugu eta esperintziadunen eta esperientzia bakoen arteko oreka bilatzen saiatuko gara”.
Asteburuan hasiko dute denboraldia, Coruñan (Galizia). Iaz maila handi eman zuten galiziarrek. Ez dute aurtengo taldearen erreferentzia handirik. Iazko baliabide ekonomikoei eustea lortu badute, proiektu jaioberriak erronka gaitza izango du.
Umetatik saskibaloian jokatu du Tabirako Baque taldean. Bost urte zermatzan talde nagusian. Aurten errugbia probatzea erabaki du eta DRTra batu da.
Zergatik utzi duzu saskibaloia eta aukeratu errugbia? Niri kirol denak gustatzen zaizkit, denak praktikatzea gustatuko litzaidake. Hori ezin da. Errugbian jende ezaguna dut eta sarritan tentatu izan naute. Pare bat urtean dudatan egon ostean, aurten probatzea erabaki dut.
Orain arte zer sentsazio utzi dizkizu errugbiak? Politak. Kanpotik benetan dena baino kirol astokiloagoa ematen du. Taldekideek ere horixe esaten zidaten batu nintzenean. Kolpeak eta lesioak badaude, bai, baina taktikak ere garrantzia handia du. Oraingoz asko gustatu zait.
Gorputz handia duzu. Horrek ere lagunduko du. 1,93 metro neurtzen dut. Egia esanda, saskibaloian gehiago laguntzen zidan [barreak].
Ubeldurik bai? Baten bat bai, besoetan eta hanketan, baina ezer askorik ez. Oraingoz ez naiz kexatzen. Geroago seguru baietz.
Zeren baitan dago zu errugbian geratzea edo saskibaloira bueltatzea? Lehenengo eta behin probatu egin nahi dut. Oraingoz ikusi dudana asko gustatu zait. Denboraldian zehar sentsazioak berberak badira errugbian geratuko naiz gorputzak laguntzen didan arte.
Tabirako Baqueren ibilerak hurretik jarraituko dituzu? Ahal ditudan partidu gehienak ikusiko ditut. Gehien gustatzen zaidan kirola da. Aurten ondo hasi dira eta mailari erraz eutsiko diotela uste dut. |