Durangoko Museoko erakusketa eta \'Kale-argazkilariak, Minuteros\' liburua prestatu ditu Jose Maria Uriartek.
Jairik jai, jendea batzen zen lekuetan erretratuak egiten zituztenen lanbideari, minutalarien lanbideari, errepasoa egiten dion erakusketa ipini dute Durangoko Museoan. Museo horren babesletzagaz, azken urte bietan Jose Maria Uriarte irakasleak bere denbora librean egindako lanaren emaitza da erakusketa: argazkigintzaren historiaren XIX. mende amaierako parte hori da erakusketaren ardatza.
Sarritan euren dekotaratuak eta atrezzoa hartuta, herri eta ermitetako erromerietan zehar bidaiatzen zuten euren zurezko kamera handiak hartuta kale argazkilari horiek, minutalariak. Momentuan bertan errebelatu eta saltzen zituzten erretratuak. “Mundu osoan zabaldutako fenomeno herrikoia izan zen”, Uriartek dioenez. Durangaldean, Urkiolan, Oizen (San Kristobal ermitan) askotan egiten zuten lan minutulariek, eta baita herri gehienetako erromeria eta ospakizunetan ere. Hain zuzen, Uriartek azpimarratu duenez, “geografiaren azken muturrera arte ailegatzen ziren, eta argazkigintza zelanbait demokratizatu eta merketzea ekarri zuten”.
Jendeak emandakoak eta azoka txikietan eskuraturikoak dira Uriartek erakusketarako batu dituen argazkiak. Durangoko Arte eta Historia Museoko erakusketan, besteak beste, argazkiak eta argazki kamera bat daude ikusgai, abadiñar batek 80ko hamarkadan Uruguayn erosi zuen minutulariek erabiltzen zituztenak lakoa. Erakusketagaz batera, Uriartek prestatu duen Kale-argazkilariak Minuteros liburuxka ere salgai ipini dute.