Gaur, bihar eta etzi, euren artisautza lanaren erakustaldia egingo dute Durangoko Barrenkaleko Liber dendan Olga Uribe, Carmen Perez eta Puri Sarrionandiak; dendan bertan erantzun dituzte galderak.
Zelan elkartu zarete ekimen hau martxan jartzeko?
Puri Sarrionandia: Olgak urteak daramatza bere lanak hemen erakusten eta saltzen. Zenbat urte?
Olga Uribe: Duela hogei urte baino gehiago hasi nintzen dendan, eta baserrira bizitzera joan nintzenean Puri geratu zen dendaren arduradun. Egia esan, urte asko dira hirurok ere elkar ezagutzen dugula.
P. S.: Artisautzan jarduten dugunok faltan izaten dugu askotan lanak erakutsi eta aurkezteko espazio aproposa. Guk badaukagu, eta horrela pentsatu genuen asteburu honetako ekimena. Gure enkoadernazio eta zeramika tailerrak eta ehundegia bistaratuko ditugu.
Hiru tailerrak hemen batzearena luzerako planteamendua da, edo zerbait puntuala?
P. S.: Printzipioz hiru egun hauetarako planteamendua da, eta ekimenak daukan harreraren arabera erabakiko dugu aurrerantzean zer egin. Beharbada data berezietan errepikatuko dugu asteburu honetako ekimena.
Carmen Perez: Izan ere, helburua, egiten dugun lana jendeari gerturatzea baita. Olgak eta nik baserrian egiten dugu lan.
O. U..: Jendeak gure piezak sortzeko prozesua bertatik bertara ikustea da gura duguna.
Zelan aurreikusi duzue asteburuko hitzordua?
P. S.: Olgak ehundegia ekarriko du, Carmen zeramika lantzen eta azaltzen egongo da, enkoadernazio lana egingo dut nik.
Nahi duenak erosi ere ahalko ditu zuen piezak, ezta?
O. U.: Ederra litzateke! Jendeak zelan lan egiten dugun ikusi, produktua ezagutu eta baloratu dezan gura genuke.
Helburu horrekin, artisautza azoketan parte hartzen duzue?
O. U.: Carmenek eta biok parte hartzen dugu, bai: Durangoko Euskal Dendan, Bilboko eta Oreretako artisautza azokan, eta beste hainbat lekutan egoten gara.
Zelan ailegatu zarete artisautza ogibide izatera?
O. U.: Carmenek eta biok urte asko daramatzagu artisautzan...
C. P.: Bai... Herria auzo elkarteak duela urte asko antolatu zituen tailerretan ezagutu genuen elkar, eta bizitza paraleloak izan ditugu. Gaur egun, Pinondon ematen ditut nik zeramika tailerrak.
P. S.: Beste batzuentzat lanean urteak eman ostean langabezian geratu nintzenean heldu nion nik artitsautzari. Bilbon, Atxurin, ikasi nuen enkoadernazioa eta diseinu grafikoa, eta denda zabaldu genuen bi urtera.
“Oso-oso zaila da artisautzatik bizitzea” Delineazioa ikasi zuten Carmen Perezek eta Olga Uribek, baina sekula ez dute horretan lan egin. Artisautzak elkartu ditu gehiago euren bizitzetako bideak. Debako eskolan artisautza ikasi zuen Perezek, eta autodidakta izan da Uribe beti. Metodoa? “Probatu, egin, egin, teknika ulertu eta gero lanean jarraitzea”. Orain, Bilboko Arte eta Historia Museoan gordeta dauden pieza zaharren erreprodukzioak egiten ari da Uribe, galduta dauden teknikak berreskuratzen, ehungintzako tradizioa eta historia ikertu eta ezagutzera emateko. Lan horiek ere erakutsiko ditu asteburuan. Besteak beste, Bilboko Alhondegiko jatetxean erabiltzen dituzte Perezek Mañariako bere tailerrean egindako piezak. “Ez da ontziteria osoa, baina gauza bereziak zerbitzatzeko erabiltzen dituzte nire piezak”. Piezak ez ditu sekula seriean egiten: eskuz egindakoak, bakarrak dira.
|