Durangoko Plateruenean atzo iluntzean egin zuten jaian batu ziren Bizkaiko Bertsolari txapelketaren inguruan lanean dabiltzan hainbat lagun, eta txapelketan kantatuko duten bertsolariak. Goizean Bilboko prentsaurrekoan aurkeztu zuten txapelketa.
Txapelketaren sintonia eta bideoklipa aurkeztu zituzten, besteak beste, Plateruenean. Gernikako Audience taldeak sortu ditu. Joseba Santxok sortu du, bestalde, txapelketaren \'BaDaGaRa\' lema, eta bere ahotik kantatuta eta errezitatuta entzun zuten Plateruenean batu ziren bertsolari eta bertsolazaleek. Durangaldeko hiru belaunaldietako bertsolariek kantatu zuten, gainera, Platerueneko aurkezpen horretan.
Domekan, Berriatuan jokatuko dute Iratxe Ibarra, Arrate Illaro, Imanol Uria, Xabier Enbeita, Jone Larrinaga eta Inazio Vidalek txapelketaren lehenengo kanporaketa, eta Durangon jokatuko dute bigarren finalaurrekoa. Azaroaren 25ean.
Bost kanporaketa eta hiru finalaurreko jokatuko dituzte asteburu honetan hasi eta abendura arte, Bizkaiko Bertsolari txapelketan. Kanporaketetako irabazleek zirtutatuta edukiko dute finalaurrekoetarako pasea, eta gainontzekoak puntuazioaren arabera igaroko dira. Txapelketaren finala, Bilboko Miribillan egingo dute, BECen beharrean. Abenduaren 15ean.
Bizkaiko 38 bertsolarik kantatuko dute txapelketa honetan, eta Durangaldeko 8 bertsolari ere sartu dira lehian. Udaberriko eskualdeetako kanporaketan Durangaldeko txapela jantzi zuelako udazkeneko saioetan jarduteko aukera irabazi zuen Gorka Lazkano berriztarrak.
Lazkanogaz batera, Durangaldeko beste zazpi bertsolarik ere kantatuko kanporaketetan; 2010ean finalista izan zirelako, Eneko Abasolo \'Abarkas\', Beñat Ugartetxea eta Miren Amuriza ere ariko dira.
Aurtengo eskualdeetako txapelketaten lortutako puntuazioaren arabera lortu dute Bizkaiko txapelketan jarduteko txartela, bestalde, Garikoitz Sarriugartek, Eñaut Uruburuk, eta Ander Salaberriak, eta txapelketa hau bost biderrez irabazi duen Igor Elortza durangarrak ere hartuko du parte.
Txapelketako saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eu helbidean salgai daude dagoeneko.