"Denboran iraun dezaten eginiko obrak dira euskaldunarenak"

Anboto 2012ko urr. 4a, 08:20

Nestor Basterretxea artista bermeotarrari eskatu dio Gerediaga elkarteak aurtengo Durangoko Euskal Liburu eta Disko azokaren kartela egitea; San Agustin kulturguneko aurkezpenaren ostean erantzun ditu galderak

Nestor Basterretxea artista bermeotarrari eskatu dio Gerediaga elkarteak aurtengo Durangoko Euskal Liburu eta Disko azokaren kartela egitea; San Agustin kulturguneko aurkezpenaren ostean erantzun ditu galderak.

 

Zein izan da kartelaren sorkuntzan buruan erabili duzun ideia?

Erabili dudan ideia da, gure herriko sorkuntzaren azken lanak ezagutaraztea helburu duen azokan, gaur eguna eta etorkizuna daudela presente. Azken aldian lantzen ari naizen teknika baliatzea pentsatu dut. Dagoeneko erabiltzen nabilen teknika da, baina gehiago sakontzea gura dut.

 

Zenbat denbora daramazu teknika hori lantzen?

Sei bat hilebete eman ditut horrela lan egiten. Telebista matxuratzen denean pantailako koloreei argazkiak egiten dizkiet. Izan ere, kolore aberastasun ikaragarria dago horretan. Argazkia handitu eta collage bat egiten dut, koloreak espazio geometrikoetan sartzen ditut ondoren.

 

Lehenago ere sortu izan duzu kartel bat baino gehiago.

Bai, baina aurretik egin izan ditudan kartel horietan teknika ez zen bereziki berritzailea: collage-a edo marrazkia erabiltzen nuen. Euskal antzerki taldeen, liburuen eta diskoen azalerako ilustrazioak egin izan ditut. Azkena, Bedaxagar kantariaren diskoaren azala da. Asko miresten ditut poeta herrikoiak.

 

Kasu honetan teknika bera gehiago lantzeko aukera izan duzu?

Bai, eta horregatik izan da niretzat berritzailea. Estetika bereko dozena bat lan egin dut eta gehien gustatu zaidana aukeratu.

 

Esan duzunez, urteak dira Durangoko Azokan egon zinela.

Bai, bi aldiz egona naiz, eta benetan harritu ninduen azokaren dimentsioak: jende kopurua, jendeak azokarekiko duen lotura... Horrek guztiak asko harritu eta poztu ninduen. Ez nuen sekula pentsatu egunen batean azokako kartela egingo nuenik eta, horregatik, benetan ohorea da. 

 

Zure bizitzako lanari buruzko erakusketa antologikoa prestatzen ari zara. Lanpetuta?

Bai, horretan dihardut, Bilboko Arte Ederren Museoan erakusketa antologiko bat prestatzen. Peio Agirre izeneko komisarioagaz  nabil lanean. Poz-pozik nago bere izaera emango diolako erakusketari. Zaila da ukitu ditudan arlo guztiak jaso gura ditugulako: zinema, eskultura, margogintza, altzairuak... Arkitektua izan nahi nuen, baina Gerra Zibilak eta Mundu Gerrak ezinezko egin zidaten. Nire arloan gizon kultua izatea nahi izan dut beti, eta horregatik jardun nuen arlo horietan guztietan.

 

Bizitza osoa eman duzu sortzen.

Beti jardun dut lana seriotasun eta interes handiagaz egiten. Arinkeriaren, fribolitatearen etsaia izan naiz. Jarrera serioa da euskalduna, denboran iraun dezaten eginiko obrak dira euskaldunarenak, lekuko izateko eginikoak. Gure sorburua egitura arkitektoniko irmoa dela uste dut. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!