Nestor Basterretxea artista bermeotarrari eskatu dio Gerediaga elkarteak aurtengo Durangoko Euskal Liburu eta Disko azokako kartela egitea. San Agustin kulturgunean erakutsi dute kartela, lehenengoz.
Nestor Basterretxea, bost hamarkadatan artearen adierazpide anitzak jorratu dituen artista, eta Aiert Goenaga Durangoko Azokaren zuzendaria egon dira 2012ko Durangoko Liburu eta Disko Azokaren kartelaren aurkezpenean.
Basterretxeak azaldu duenez, "telebista pantaila matxuratzen denean agertzen den kolore aberastasun ikaragarria da karteleko irudiaren oinarria". Azken aldian irudi horietan oinarrituta egiten ditu collage lanak. Kartel "moderno bat teknika berri bategaz egiteko" aukera bezala ikusi zuela Gerediagaren proposamena esan du Basterretxeak.
"Bihotzez, azoka antolatzeko egiten duzuen lana eskertzea baino ez dagokit", azpimarratu du Nestor Basterretxeak. Oteiza aipatu du, eta euskal nortasunari buruz egin du, besteak beste, berba. "88 urte dauzkat, eta zalantzarik barik, heriotzan pentsatzen dut. Borrokatzen jarraituko duzuela jakinda noa beste mundura, eskerrik asko", amaitu du.
Aiert Goenaga zuzendariak azaldu du, azken urteetako kartel lehiaketa alboratu, eta Durangoko azokaren kartela artista bati enkargatzeko hautua egin dutela aurten.
Iaz baino egun bat gutxiago iraungo du Durangoko azokak: abenduaren 6tik 9ra burutuko dute. Aiert Goenagaren berbetan: "Krisi ekonomikoak guri ere eragin digu, eta ezin dugu bost eguneko azoka baten aldeko apustua egin kalitatean galduko genuelako. Kalitatean galdu aurretik hobe da egun gutxiago egin".