Parte-hartzaileen artean Espainiako, Frantziako eta Herrialde Katalanetako autoak daude.
Klasikoak eta historikoak batuta, 25 urtetik gorako 75 autok parte hartuko dute gaur eta bihar Klasikoen Rallyan. Etorriko den autorik historikoena 1961eko Alfa Romeo Giulietta Sp bat da, frantziar batena.
Clasicos Durango eskuderiak antolatzen duen rallyak 12. aldia egingo du aurten.
Gaur, 16:00etatik 20:30 ingurura, auto denak Landako Erakustazokan egongo dira egiaztapen teknikoak egiten. Lasterketako lehenengo etapa 21:00etan hasiko da Ezkurdin, eta gutxi gorabehera gaueko 02:30ean helmugaratuko da aurrenekoa.
Zapatuan, 11:00etan piztuko dituzte berriro motorrak eta egun osoko etapa izango dute aurretik. Antolatzaileen arabera, 21:00 inguruan hasiko dira Ezkurdin helmugaratzen. “Etapa gogorra izango da”, dio Juanjo Gaztañazatorre ekimeneko antolatzaileetako batek, “baina lasterketak izen bat lortu du eta urrundik datozenei neurriko ibilbide bat ipini behar zaie hurrengoan ere bueltatu daitezen”. Izan ere, Madril, Malaga, Valentzia, Bartzelona eta Kanariar Uharteetako parte-hartzaileak datoz, baita Frantziako hainbat gidari ere.
Autoak gehienez 50 kilometro orduko abiaduran ibili ahalko dira, eta egunean bertan jakinariziko zaie ibilbidea. Aurreratu dutenez, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabatik ibiliko dira parte-hartzaileak.