Altuera falta da oztopo nagusia

Anboto 2012ko ira. 29a, 08:13

Uztaipean jokalari garai gutxi eduki arren, Tabirako Baqueko talde nagusien entrenatzaileak itxaropentsu azaldu dira

Uztaipean jokalari garai gutxi eduki arren, Tabirako Baqueko talde nagusien entrenatzaileak itxaropentsu azaldu dira.

 

Saskibaloian jokalari garaiak izateak abantaila ematen du uztaipean, piboten arteko jokoan. Ezaugarri hori ezin daiteke entrenamenduetan landu, edo badago edo ez dago. Landu daitekeena gabezia horri aurre egiteko alternatibak dira eta Tabirako Baqueren gizonen eta emakumeen talde nagusiak horretantxe dabiltza. Biei ala biei,  altuera falta zaie saskitik gertu, baina entrenatzaileak itxaropentsu daude eta talde lehiakorrak dituztela diote.

 

Gizonek asteburu honetan ekingo diote denboraldiari. Orain denboraldi bi taldea EBA mailan zuzendu zuen Tomas de Castrok Alberto Alonso ordezkatuko du entrenatzaile karguan. Gorka Olaso bigarren entrenatzailearen esanetan, altuera falta jokoari bizitasuna emanda konpentsatu nahi dute: “Kontraerasoan azkar irteten eta nagusi garen egoerak sortzen saiatuko gara. Defentsan, inoiz baino intentsitate handiagoz ibili beharko dugu”. Iaz ikaragarri sufritu zuten mailari eusteko. Aurten hamar onenen artean sartzeko taldea dutela uste du, baina, iazkoa gogoan, mailan egonkortzea ere emaitza ona izan daiteke.

 

Iaztik hona funtsezkoak ziren hiru jokalari joan zaizkie: Aitor Onaindia, Arkaitz Gurrutxaga eta Mikel Gandarias. Hutsune horiek betetzeko beste hiru jokalari etorri dira Zornotzatik: Imanol Martinez pibota, Carlos Diego hegalekoa  eta Xabi Anasagasti base-hegalekoa. Azken hori, laneko konpromisoek ahalbidetzen dioten arte egongo da taldean. Hiru jokalari horiei gehitu behar zaizkie beste bi, parentesi baten ostean saskibaloira bueltatu diren jokalariak: Oinatz Meñika hegalekoa eta Mikel Agirre basea.

 

Nesketan, pazientzia eske

 


Jesus de Vicente omendu zuten 
25 urtez egindako lanagatik

 

Mende laurdenean klubaren alde egindako lana eskertzeko, Tabirakok urrezko eta brillantezko intsignia ipini zion Jesus de Vicenteri. Durangarrak klubeko presidente Itsaso Garciaren eskutik jaso zuen intsignia Landako kiroldegian, batutako zaleen eta jokalarien txaloen artean. Gaur egun, Vicente klubeko kirol zuzendaria da eta kadete mailako mutilen taldean ere badabil laguntzaile. Urte hauetan guztietan egindako lana “emankorra eta ordainezina” dela adierazi zuen Garcia presidenteak.

Emakumeen talde nagusiak urriaren seian hasiko du denboraldia. Joandako jokalariak gazte mailakoekin ordezkatu dituzte: Mirari Aldekoa (hegalekoa), Ane Garitaonandia (basea), Gorane Urain (hegalekoa) eta Ainhoa Baque (Hegaleko pibota). Iaz erregionalean aritutako Matxalen Mancisidor ere batu zaie.

 

Talde gaztea eta garaiera txikikoa dutela dio Alberto Molina entrenatzaileak. Horregatik, pazientzia eskatu du: “Liga hasiera gogorra dugu. Porrotak badatoz, pazientzia eskatzen dugu. Talde gaztea da eta garaiera faltagatik sufritu egin dezakegu. Gazteek etorkizun handia dute, baina taldea egin arte pazientzia behar da”. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!