Irrien Lagunak klubagaz bat eginda antolatuko dute 2012-2013 ikasturteko Olgetan programa Berbaro elkarteak eta Plateruena kafe antzokiak. Hilean behin, lehenengo domekan, umeentzako ikuskizun bana.
Berrikuntza hau da: orain arte bezala asteburu bakoitzean askotariko emanaldiak eskaintzen zituen talde bat gonbidatu beharrean, Irrien Lagunak klubagaz egingo dituzte emanaldi guztiak, Berbaroko arduradun Oihane Barrutiak azaldu duenez: “Irrien Lagunei lotuta eskainiko ditugu aurten Olgetan egitasmoaren asteburuko ekitaldiak, euren helburuak gureekin bat datozelako, eta gero guk ludotekan lantzen ditugulako umeek Irrien Lagunak klubean lantzen dituzten gai horiek”.
|
Euskal Herriko haurrak, gurasoak, hezitzaileak eta elkarteak bildu gura dituen kluba da Irrien Kluba: “Gure haurrak elkarrekin era dibertigarrian eta euskaraz hezteko helburua eta ikuspegi hezitzailea du”.
Durangoko Plateruenean egin dute elkarlan horren aurkezpena. Irrien Lagunak klubaren kide bik, Porrotx-ek, Iñigo Arandiak, Berbaro elkarteko Oihane Barrutiak eta Platerueneko Erika Urangak egin dute ekimenaren aurkezpena.
Bost ikuskizun eskainiko dituzte Olgetan programaren barruan. Hileko lehenengo domekan,Plateruenean izango dira bost hitzorduak, 17:00etatik aurrera. Pirritx eta Porrotxen filosofiatik jaiotako ikuskizunak bostak: osasuna, natura, zientzia, kultura, eta elkartasunari loturiko gaiak.
Abenduaren 2rako antolatu dute lehenengo emanaldia, Durangoko jaien osterako, eta apirilean izango da azkenengoa. Azaldu digutenez, gainera, apiril edo maiatzean ekimenari “amaiera emateko jaialdi bat” antolatzeko asmoa ere badarabilte buruan.
Bestalde, Irrien Lagunak proiektua finantzatu ahal izateko harpidetza kanpaina abiatu du Irrien Lagunak Klubak. Porrotxen berbetan: "Proiektu hau bultzatuko duten lagunak behar ditugu; laguntza eskatzen dugu, baina eskaintza zabala da egiten duguna". Egunkari honetan bertan topatu ahal da harpidetza egiteko inskripzio orria. Euskal Herriko hainbat herritan ari dira kanpaina zabaltzen, eta Durangaldean ere ekimen honen bitartez harpidetza berriak lortu gura dituzte.
Irrien Lagunak klubaren harpidedunek Olgetanerako sarrera guztien bonoa doan lortuko dute, eta Berbaro elkarteko edo Irrien Lagunak klubeko kide direnek, gainera, bonoa merkeago eskuratu ahalko dute.