Saroa Bikandik eta Txomin Magdalenak gidatuko dituzten irakurketa klubak ipiniko dituzte ikasturte honetan, Durangoko udal liburutegian.
Saroa Bikandik gidatuko ditu irakurketa taldeetako bi: 3 eta 5 urte artekoena, eta 5 eta 7 urte artekoena. Bikandik azaldu duenez, “txikiak direnez, gurasoekin etorriko dira, eta ordu beteko saioak egingo ditugu”. Ipunak, poemak, askotariko istorioak bizi eta jolastea izango dute Liburuen poltsa izeneko hileroko hitzordu hauetan helburua. Gainera, gurasoei seme-alaben irakurzaletasuna sustatzeko baliabideak ere eskaini gura dizkiete. Irakurtzeko desioa, gustua, gura diete umeei kutsatu, eta liburutegira gertutzera motibatu.
Txomin Magdalenak gidatuko du, aldiz, 8 eta 12 urte artekoen taldea: “Irakurle autonomoak direnekin jardungo dut nik”, azaldu du. Irakurriz gozatzera, eta “gozamena amankomunean ipintzera" gonbidatuko dituzte parte hartzaileak. Jolasaren edo marrazketaren bitartez, adibidez, literaturako hainbat genero landuko dituzte umeek Magdalenagaz.
Dagoeneko eman daiteke umeen irakurketa klub hauetan parte hartzeko Izena. Urriaren 10ean, azaroaren 14an eta abenduaren 19an izango dira 8 eta 12 urte artekoen saioak; eta hileko hirugarren zapatu goizean 3 eta 7 urte artekoen umeei zuzendurikoa.
Liburutegiko espazioak berrantolatuta
Hiruhilekon honetarako programazioaren aurkezpenean Jon Kepa Garro zinegotziak azpimarratu duenez, ikasturte berrirako “liburutegiaren barne funtzionamenduari loturiko espazio aldaketa batzuk” burutu dituzte. Horrela, beheko solairu guztia umeen liburutegiari eman diote: orain arte hemeroteka zegoen lekuan haur txikien gela atondu dute, eta hemeroteka bigarrenera lekualdatu. Izan ere, aurkezpenean azaldu dutenez, liburutegiaren erabiltzaileen %30 dira zero eta hamabi urte arteko umeak, eta eurei eskainiriko zerbitzua hobetu gura dute.
Bestalde, liburutegiaren hirugarren solairu osoa ikasteko gela izatera bideratuko dute: erabiltzaile asko dagoenean zabaldu daitezkeen gelak baliatuko dituzte horretarako.
Aipaturiko umeentzako irakurketa klub berriez gainera, Jon Kepa Garro azpimarratu duenez, “dagoeneko urteak daramatzaten helduentzako ipuin kontalariek, eta helduentzako euskarazko zein gaztelerazko irakurketa klubek martxan jarraituko dute Durangoko liburutegian, beste ikasturte batez”.