Mundu osoko 10.000 lan jaso dituzte IPA Awards argazki lehiaketan; tartean, DeserStudioko bi profesionalek.
IPA Awards argazki lehiaketaren profesionalen sailean jaso dute Durangoko Deser Studioko Sergio Zubizarreta eta Argi Aranbarrik epaimahaiaren aipamena: umeei egindako erretratuen sailera bidali duten argazki batek, ezkontzetako hiru argazkik eta erretratu batek jaso dute aipamen berezia.
“Hau bezalako profesionalen lehiaketa batean aipamena jasotzea itzelezko poztasuna da guretzat”, esan du Sergio Zubizarretak. Argazkigintzan egiten duten lanak Durangaldetik kanpo zer maila eman dezakeen neurtzeko helburuagaz aurkeztu zituen Deser Studiok argazkiak lehiaketara, eta emaitza oso pozgarria izan da.“Gutxinaka goaz hau bezalako nazioarteko lehiaketei beldurra kentzen, eta geure buruan konfiantza hartzen”.
Mundu guztiko argazkilarien 10.000 argazki baino gehiago jaso dituzte aurten IPA Awards-etan. Saritu dizkietenak euren “estiloko” argazkiak direla dio Zubizarretak: “Oso argazki naturalak dira, oso soilak baina asko zaindutako teknikagaz egindakoak”. Umeei egindako erretratuen argazkigintza eta ezkontza erreportajeak dira Deser Studioko argazkilarien espezialitatea, eta modari loturiko lana ere egiten dute.