"Sabel dantza ezagutaraztea da ikuskizunagaz lortu gura duguna"

Anboto 2012ko ira. 24a, 09:25

Durangoko San Agustinen eskainiko du \'Orient Express\' ikuskizuna Durango Danza elkarteak, irailaren 28an. Iasmina eta Itziar Balenciaga ahizpa dantzariek aurkeztu dute hogei emakume inguru batzen dituen elkartea

Durangoko San Agustinen eskainiko du Orient Express ikuskizuna Durango Danza elkarteak, irailaren 28an. Iasmina eta Itziar Balenciaga ahizpa dantzariek aurkeztu dute hogei emakume inguru batzen dituen elkartea.

 

Zelan elkartu zineten?

Iasmina Balenciaga: Durangoko Ibaizabal ikastolako Errota gimnasioan hasi ginen, hango ikastaro batean. Ikastaroa amaitu eta jarraitu egin gura izan genuenok taldea sortu genuen, eta jende berria ere hasi zitzaigun gehitzen.

 

Noiz eratu zenuten elkartea?

Iasmina: Duela urtebete eratu genuen, izan ere, errazagoa baita San Agustinen egingo duguna bezalako ekitaldiak antolatzea elkartea izanda.

Itziar Balenciaga: Horrela, entseatzeko leku bat ere badaukagu.

 

Zelan sortu zaizue San Agustin kulturgunean aurkezten duzuen lan honetarako ideia?

Iasmina: Urtero egiten dugu emanaldi bat ekainean. Tabirako jaietan egin izan dugu dantza, baita Galdakao eta Markinan ere, esaterako. Ikuskizun txikiak eskaini izan ditugu aurreko horietan. Pentsatu genuen areto batean dantza egitea gustatuko litzaigukeela. Ikasten joan garen guztia batu eta ikuskizun polit bat eskaini genezakeela bururatu zitzaigun, eta horrela sortu zen ideia.

 

Zer eskainiko duzue San Agustingo emanaldian?

Iasmina: Sabel dantza ezagutaraztea da ikuskizunagaz lortu gura duguna, jende askok ez baitu dantza mota hau ezagutzen. Fusioa da egiten duguna. Jende askok sabel dantzari buruz ideia oso partziala dauka: erdi-biluzik dantzatzearekin lotzen dute askok, baina hori baino askoz anitzagoa da sabel dantza.

 

Zeren ingurukoa da ‘Orient Express’ ikuskizuna?

Iasmina: Bidaia baten istorioa da: Saharan hasten dugu eta hainbat herrialdetik egiten dugu ibilbidea, hainbat dantza erakusten. Dantza gotikoa egingo duen Gasteizko dantzari bat eta dantza zingaroa egiten duen Delirium dantzaria ere gonbidatu ditugu.

Itziar: Igarotzen dugun herrialde bakoitzetik zeozer hartu eta sabel dantzarekin fusionatzea da ideia.

 

Jantziek eta eszenografiak garrantzia dute ikuskizunean?

Iasmina: Bai, saiatzen gara hori lantzen. Estilo desberdinak egiten ditugunez, arropa desberdinak ere erabiltzea gustatzen zaigu. Bisualki politagoa da.  

 


“Hemen aukera daukagu lotsa barik dantzatzeko”

 

Ekialdeko dantzen inguruan sortu zen Durango Danza elkartea duela urtebete, eta Itziar eta Iasmina Balenciaga ahizpek aurkeztu dute, baita datorren barikuan eskainiko duten ikuskizuna ere.

 

Lau-bost urte daramatzate Balenciaga ahizpa durangarrek sabel dantza egiten, eta Durango Danza  elkartean, Durangaldeko hainbat herritako lagunekin batera jarduten dute: hogei emakume baino gehiago batzen dira guztira elkartean. Azaldu dutenez, bi talde dauzkate: bat, dantzan hasiberri direnek osatzen dutena, eta bestea, esperientzia dutenena.

 

Urteetako zaletasuna izateko eta neskok elkarte bat sortzera eramateko sabel dantzak zer daukan hain erakargarri eta berezi galdetu, eta bere erantzuna eman du bakoitzak: “Taldeko neskok oso gustora egoten gara elkarrekin: dantzak ikasten ditugu, gorputza mugitzen dugu... Batez ere dantza eginez ondo pasatzen dugu”, dio Iasminak. Bere iritzia gehitu du Itziarrek: “Denoi gustatzen zaigu dantza egitea eta hemen aukera daukagu gure artean inolako lotsa barik dantzatzeko, berdin zaigu zelako gorputza daukagun…”.

 

Itziarrek jarraitu du: “Bakoitzak zerbait berezia dauka ondo egiten duena: batzuek sabel dantza purua egiten dute hobeto, askoz leunagoa den dantza tribala egiteko gorputzaren kontrol handiagoa dute beste batzuek… Lanetik  arineketan etortzen naiz dantzan egitera, bestela zerbait falta zaidala pentsatzen baitut”.

 

Iasminak azaldu duenez, Ibaizabalgo Errotako ikastaroan ikasi zuten sabel dantzaren oinarria. “Gure kontura ikastaroetara ere joan izan gara Madril edo Bartzelonara, esaterako”.

 

Astero elkartzen dira entseguak egiteko, eta zabalik daude jende berria ere hartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!