Zapatu honetan, irailaren 22an, izango da Organo Kontzertuak 2012 zikloaren barruko aurtengo bigarren emanaldia. Durangaldeko Herri Maite akordeoi taldeak eta Xabier Arana organu-jotzaileak eskainiko dute kontzertua, 20:00etan, Andra Mariko basilikan.
Zinemako soinu baden inguruan sorturiko \'De Zine\' ikuskizuna eskainiko eskainiko du Herri Maite taldeak. Musika, irudiak, akordeoia eta beste hainbat musika tresna uztartzen dituzte ikuskizun horretan.
Arandoño Kultur Elkartea sortu zela hamabost urte dira aurten, eta urteurren hori dela eta, aurreko urteetan bezala hiru emanaldi barik, bost antolatu dituzte. Horrela jakinarazi dute Xabier Arana eta Andres Granados elkarteko kideek. Biharkoaz gainera, urri eta azarorako beste bi eskaintza ere luzatu dituzte.
Batetik, eta 2010ean lehenengoz probatu zuten "hitzaldi-kontzertu" formatuan, Saskia Roures Zaragozako organista gonbidatu dute. Bere lanaren inguruko solasaldia izango da emanaldiaren lehenengo partean Rouresekin, eta kontzertu laburra eskainiko du ondoren. Urriaren 27an, San Frantzisko monasterioan izango da emanaldi hori.
Bestetik, Bakerako Musika izeneko emanaldia eskainiko dute, San Fausto jaien egitarauaren barruan. Durangoko bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira, Donostiako Easo abesbatzaren eta Oscar Candendo organistaren emanaldia antolatu dute. Urriaren 13an, 20:00etan, Andra Mariko basilikan izango da kontzertu hori.
Parisko katedraleko organista
Xabier Aranak "musikariaren curriculum-agatik oso kontzertu berezia" bezala aurkeztu du Parisko Notre Dame katedraleko organistaren, Jean-Poerre Leguay-ren, emanaldia. Azoaren 23an eskainiko du Leguayk Durangoko Andra Mariko basilikan kontzertua. Itsua da Leguay, eta organorako piezak inprobisatzen maisua delako da oso ezaguna.