Duela hamabi urte Aitor Fuentes durangarra Missourira joan zen, errantxo baten bizitzera. Institutua amaitzera joan zen hara. Ordutik munduko leku asko ezagutu ditu: “Behin eginda, errazagoa da berriro egitea”. Londresen lanean bi urtez, Parisen Erasmus bekagaz... Bidaiarik bereziena iaz egin zuen, Asiara bakarrik eta bost kiloko motxila hartuta. Hurrengo geltokia bikotekideagaz Latinoamerika izango da.
Zelako planteamentuagaz joan zinen Asia aldera?
Plan barik hasi gura nuen, eta bideak markatzea dena delakoa. Oinarrizkoagaz, lau-bost kiloko motxilagaz joan nintzen, unibertsitatera eroaten nuenagaz. Bertako garraioak hartu, autoestop egin, eta lo kalean, etxeetan edo hostalen teilatuetan egin ahal nuen galdetzen nuen. Horrela bidaia luzatzea errazagoa da eta askoz errazagoa bertako jendea ezagutzea.
Istanbuletik hasi zenuen bidea.
Itsaso Beltzeko kostatik Iparraldeko Kurdistanera joan nintzen, Turkia aldeko Kurdistanera. Hainbat herritan ibili eta gero, Hakarira joan nintzen, eta han biltegi baten egin nuen lo. Hango langileekin Google-ko itzultzaileagaz komunikatzen ibili ginen, tea edaten ordu txikiak arte. Han nengoela justu Turkiako armadak PKKko 30 kide hil zituen, eta interesgarria izan zen hango jendeagaz egotea eta eurek hori dena zelan bizi duten ikustea.
Handik Iranera joan zinen.
Leku guztietan lagundu gura izan naute, baina Iranekoa ez sinesteko modukoa da. Teheran 14 milioi pertsonako hiria da. Hasieran saiatu nintzen hotel bat topatzen. Dena oso garestia zen, eta gau batez negozio gizon bategaz gela bat konpartitu eta gero parke batera joan nintzen lotara. Baina ezin lorik egin eta agobiatu egin nintzen.
Beldurrez?
Gero konturatzen zara oso segurua dela eta zeozer pasatzea oso zaila dela, baina hasieran bai. Lotarako beste leku bat topatzera joan nintzen. Bi tipori sua eskatu eta eurekin apur bat berba egitean euren etxera joateko esan zidaten. Aste bete egon nintzen eurekin eta oso ondo; leku askotara eroan ninduten. Iranetik apur bat mugitu nintzen, eta hango azken hiru egunak bereziak izan ziren. Teheranera bueltatu eta diru barik gelditu nintzen. Iranen ezin duzu atzerriko txartelik erabili, dirua eroan behar duzu. Lagunekin ezin izan nuen kontaktatu, eta jendeak asko lagundu zidan. Liburu bi neuzkan eta liburudendetan saltzea otu zitzaidan. Ez zizkidaten erosi, zuzenean dirua eta janaria eman zidaten.
Diru gutxigaz ibiltzea oztopoa izan da zuretzako, orduan?
Dena ahalik eta xumeen egin gura nuen eta gozatu egin dut. Iraneko egun horiek gaitzak izan ziren, baina horregatik ezagutu dudan jendeak asko merezi du. Diru gutxigaz esperientzia oso desberdinak bizitzea errazagoa da, eta iruditzen zait gauzak errespetu gehiagogaz egitea dela. Kontua da hara joan, jendeagaz egon eta bizitzea. Lau gauza ikusi eta hotelera joan barik, euren etxean lo egin, eurekin itzartu eta armosua hartzea.
Iranen ostean Indiara joan zinen.
Bonbaira heltzea itzela izan zen. Ibili ere ezin egin, jendea, eskaleak, beroa... Nahiko tipikoa den zerbait pasatu zitzaidan; turisten auzoan Bolibudeko film baten extra izatea proposatu zidaten. Nik baietz. Diskoteka baten animatuta agertu behar nuen. Turisten bila ibiltzea proposatu zidaten, eta oso ona izan zen; motorrean eroaten ninduten Bonbai osotik. Slum-etan, txabola auzoetan ere egon nintzen. Jendeak uste zuen galduta nenbilela. Oso abegikorrak izan ziren nigaz.
India iparraldera joan eta Dharamsalan ere egon zinen.
Oso leku berezia da. Han daude gobernu tibetar erbesteratua eta Dalai Lamaren etxea. Justu Tibeten hiru monjek euren buruari su eman zioten, eta kanpotik zen Dalai Lama Dharamsalara bueltatu zen, puja errezoak egiteko. Han egon nintzen, mezan, itzela izan zen!
Nepalera ere joan zinen.
Ilusioa neukan Annapurnako kanpamentu basera joateko. Heldu eta Annapurna parez pare ikustea pasada bat da, glaziarrak entzuten dira... Hara heltzerakoan pentsatu nuen, hau brutala da, eta oso pozik joango naiz etxera.
Bakarrik sentitu izan zara?
Momentu txarrak gogorragoak egiten dira, baina horiek gainditu eta leku oso polit batera heltzean ahaztu egiten duzu aurrekoa. Bakarrik joatea inportantea zen niretzat. Ez ziren oporrak; bizitzen jarraitzea zen, baina beste modu batera. Liberazio prozesu baten moduan ere bai; norberagandik espero denetik liberatzeko modu bat. Lan hori edozein lekutan egin daiteke baina niretzat bidaiatzeak eta bakarrik egoteak erraztu egiten du. Orain beste pertsona batekin bidaiatuko dut eta oso pozik nago.