Legegintzaldi bitan indarrak ahituta, Manuel Reyes presidenteak ez du ordezkorik aurkitu.
Durangaldeak aurten ordezkari bat gutxiago izango du nagusien mailako futbolean. Hirugarren erregionalean zebilen Durangoko Extremeño futbol kluba desagertu egin da. Zazpi urtean klubeko presidente izan ostean, Manuel Reyesek, nekatuta, kargua uzteko asmoa adierazi zion zuzendaritzari otsailean, eta harrez gero ez dute ordezkorik topatu. Beraz, zuzendaritzarako errelebo falta izan da kluba desagertzeko arrazoia.
Iazko denboraldia amaitu zenean, Manuel Reyesek berak jakinarazi zien jokalariei kluba desagertu egingo zela: “Ligako bigarren itzulian ikusten zuten denera heldu ezinik genbiltzala eta nik uste askok sumatzen zutela horrelako zerbait”. Maiatzean izan zen hori. Urteetan pilatutako material eta dokumentazio osoa dagoeneko kaxetan gordeta dutela dio Reyesek. Jantziak Durangaldeko Gobernuz Kanpoko Erakunde bati emango dizkiete.
Extremeño klubak lau futbol talde kudeatzen zituen: gizonetan, nagusien eta gazteen mailako taldeak, eta emakumeetan, gazteen eta kadeteen mailakoak. Emakumeen talde biak Durangoko Ezkurdi futbol taldeak kudeatuko ditu aurrerantzean. Gainerakoei taldea bilatzen ahalegindu da zuzendaritza eta oraindino horretan dabil kasuren bategaz. Jokalari batzuk Ezkurdi edo Zaldibarko Zaldua taldeetara joan dira, esaterako. Kepa Uriarte entrenatzailea Galdakaora joan da eta beragaz eraman ditu beste hainbat.
38 urteko historia
Extremeño kluba 1974an sortu zuten eta bere lehenengo neurketa San Fausto taldearen kontrakoa adiskidantzazko bat izan zen. Handik gutxira Justo Pererak taldearen gidaritza hartu eta, kluba federatzeko asmoagaz, zuzendaritza batzordea sortu zuen. Jose Castro izan zen klubaren lehenengo presidentea, eta Perera idazkaria.
Taldea federatu ahal izateko klubari bere futbol zelaia izatea eskatzen zion Bizkaiko futbol federazioak. Auzolanean, Garaizarko lur zati bat lautu eta azpiegitura denekin hornitu zuten (dutxak, argindarra, ura…). Horrela, Extremeñok 1975ean jokatu zuen bere lehen partidu federatua. Harrez gero, gizonen talde nagusiak sekula ez du igoerarik lortu. Bigarren eta hirugarren erregionalean jokatu izan du. Klubeko igoera bakarra kadete mailako emakumeen taldeak lortu zuen. Azken urteetan Tabirako futbol zelaian jokatu izan du Extremeñok, Garaizarko zelaian beharrean.
Presidente karguan zazpi urtez dena ematen aritu ostean, Manuel
Ia legegintzaldi bi egin dituzu Extremeñoko presidente. Bai, eta nekatuta nengoen. Urte hauetan ahal dudan dena eman diot klubari, baina nahikoa zela uste nuen. Azkenean, hainbat faktorek bat egin dute, pertsonalak ere bai tarteko. Extremeñok 150 bat bazkide ditu. Urteko batzarrean esan nien ez nuela jarraituko. Elkarteari ere berdina esan nion. Zoritxarrez ezin izan dugu ordezkorik aurkitu.
Eta kluba desagertu egin da. Pena da, baina ez dut dramarik sortu nahi. Extremeñok ziklo bat osatu du eta amaitu da. Urte hauetan guztietan modu batera edo bestera klubari lagundu dioten denei eskerrak eman gura dizkiet, euren laguntza garrantzitsua izan delako. Jokalariei, entrenatzaileei, zuzendaritzakoei… Denei eskerrik beroenak.
Presidente izan aurretik ere klubeko kidea zinen. Urte bian Extremeñoko gaztetxoen taldean jokatua naiz! Ostean, soldaduskara joan aurretik beste hiru urtez kadeteen taldean jokatu nuen. Soldaduskatik bueltatu nintzenean futbolari lotuta jarraitu nuen Kurutziaga Ikastolako taldean, esaterako. Orain hamabost urte Extremeñoko gaztetxoak entrenatzea proposatu zidaten beste lagun bategaz batera.
Zelan hartu zenuen presidente kargua? Futbol zelaia aldatu genuen sasoian [Garaizarretik Tabirara], orduko presidenteak dimititu egin zuen. Bost-sei guraso bakarrik geratzen ginen. Azkenean kargua norbaitek hartu behar eta neuk hartu nuen.
Urte hauetako guztietako zein gomutagaz geratzen zara? Presidente zein entrenatzaile nintzela ezagutu dudan jendeagaz. Orain hamabost urte entrenatu nituen gaztetxoen taldea batu eta afari bat egiteko asmoa dutela jakitea pozgarria da. Edo jokalari batek bere amari esatea, bere futbol ibilbidean gertatu zaion gauzarik onenetakoa nik entrenatu nuen sasoia izan zela. Ez dago dirurik hori ordainduko duenik.
Une txarrik bai? Beti daude. Interes asko dago futbolean, batez ere gaztetxoen mailetan eta gurasoekin. Lagunak nituen batzuekin orain ez dut hartuemanik. Baina une onekin gertatzen naiz.
Extremeñok ez du igoerarik lortu nagusietan. Egia da. Ni presidente nintzenetik talderik onena iazkoa zela uste dut. Azkenean, liga erdiko aldean amaitu genuen; gauzak ez zitzaizkigun espero moduan irten. Baina benetan uste dut talde lehiakorra eta ona genuela. |