Umeentzako antzezlanagaz abiatuko dute ikasturtea

Anboto 2012ko ira. 14a, 08:30

Atzo aurkeztu zuten irailetik abendura arteko Durangoko San Agustingo programazioa

Atzo aurkeztu zuten irailetik abendura arteko Durangoko San Agustingo programazioa.

 

Kulturguneko Arantza Arrazola kudeatzaileak eta Astarloa Kulturgintzako Jon Kepa Garro presidenteak aurkeztu zuten, atzo, irailetik urte amaierara arteko Durangoko San Agustin kulturguneko programazioa. Hamalau ikuskizuni egingo diete lekua ikasturte berria hasteko programazioan.

 

Lau urte arteko umeentzako antzezlan bat izango da kulturguneko egitarau berria estreinatuko duena: Granadako Arena En Los Bolsillos antzerki taldearen Kanpoaldea toki bat da obra. Umetxoentzako ikuskizunek azken urteetan izan duten harrera beroari erantzunez lotu dute emanaldia. Irailaren 23an izango da eta lanaren pase bi egingo dituzte, 12:00etan eta17:30ean.

 

Arantza Arrazolak esan duenez, “programazio anitza” osatzea izan dute helburu, eta askotariko adin tarte eta gustuentzako antzezlan emanaldiak lotu dituzte. Dena den, umoretik jotzen dutenak dira ikusgai izango diren antzezlan horietako asko.

 

Esaterako, San Agustin kulturgunean lehenago hainbat lan erakutsi dituen Portugalgo Chapito taldearen azkenengo lana eskainiko dute, urriaren 25ean: Perro que muere no ladra. “Maite duten izaki baten heriotzari era oso berezian aurre egiten dion familia baten istorioa da”, kudeatzaileak azaldu duenez.

 

Durangaldeko uztatik

Ohi duten eran, eskualdeko sortzaileei euren lana eszenaratzeko aukera ere eskainiko diete datozen lau hileetan, kulturguneko programazioan. Adibidez, urriko egitaraua zabaltzeko, Durangaldeko Gorakada antzerki konpainiaren Printzea eta ahatea eskainiko dute.

 

Bestalde, Durangoko San Fausto jaiei lotuta, Berrizko Txintxaun Kolektiboa antzerki taldeak The Full Monty oholtzaratuko du, urriaren 11n.

 

Gainera, obra berri bat erakutsiko du, azaroaren 30ean, bere lanak San Agustin kulturgunean bertan prestatzen eta entseatzen dituen Ganso & Cia konpainiak,  Babia izeneko lana estreinatuko dute, horrenbestez, ‘etxeko’ antzezleek. 


 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!