Pekinen (Txinan) egonaldi artistikoa burutzeko aukerari ahalik eta zuku gehien ateratzen ari da Ismael Iglesias Durangoko artista. Yellow tide izeneko erakusketa ipini du hango arte galeria batean.
Zelan ailegatu zara Pekinera?
Etxepare Institutuak artisten egoitzaldietarako eskaintzen duen dirulaguntza kudeatzen du Judas Arrieta hondarribitarrak Pekinen daukan MA studio taldeak. Hainbat aldiz saiatu ostean, egoitzaldi horretarako hautatu naute aurten. Nire proiektu artistikoa garatzeko bi hilabeteko egonaldia egingo dut hemen. Koldo Almandoz zinema zuzendaria eta neu aukeratu gintuzten.
Zure margolanen erakusketa zabaldu duzu, besteak beste. Egonaldian sortutako lanak dira Yellow tide erakusketakoak?
Bai. Pekinen eraikitakoak dira lan guztiak. Egia da, dena den, aurretik egindako beste hamar lan ere badauzkadala erakukesta horretan: tinta txinatarraren erabilera tradizionalagaz antzekotasunak dauzkalako, lan horiek hemen harrera ona edukiko zutela pentsatu nuen, eta ikusi duten txinatar guztiek agertu dute lan horiekiko interesa.
Erakusketaren izenburuak film bati egiten dio erreferentzia.
Bai. Na Hong-jin zuzendari korearraren Yellow sea filman inspiratutakoa da izenburua. Nire margolanak ez dauka filmarekin zerikusi zuzenik, baina badaude herrialde liluragarri honetako nire egonaldiari erreferentzia egiten dioten konexio batzuk ere.
Zerk desberdintzen ditu lan hauek eta Euskal Herrian egin dituzunak?
Zaila da desberdintasun horiek topatzen... Hemen denboraldi luzeagoz bizita igarriko lirateke eragin txinatarrak. Dena den, egia da nire orainarteko lanari lotuta, bide berriak abiatu ditudala hemen. Horregatik bakarrik, oso positibotzat jotzen dut nire Pekingo esperientzia hau.
Erakusketaren aurkezpenean diozunez, zure obraren ikusle kritikoena zeu zara. Bidaia honetan emandako aldaketa da hori ala lehenagotik emandakoa?
Buruan aspaldi bueltaka darabildan gaia da: neu naiz nire lan egiteko modua ondoen ezagutzen duena, badakit zeintzuk tranpa erabiltzen ditugun artistok, behin eta berriz errepikatzen ditugun soluzio azkarrak zeintzuk diren... Eta hain justu, horretatik ihes egitea da gura dudana. Soiltasuna eta naturaltasuna da bilatzen dudana.
Zerk eraman zaitu gogoeta horretara?
Salerosten diren objektuen ekoizleak dirudigu guztiok gaur egun, galdu egin da naturaltasuna. Uste dut artea harreman komertzial hori baino askoz gehiago dela. Erantzunik gabeko galderak planteatzen laguntzen duen bizi esperientzia bat da artea. Inguratzen nauenari buruzko nire ikuspegia ematen laguntzen dit. Bizitzea egokitu zaidan orainaldiaren konplexutasuna eta soiltasuna erakutsi gura ditut.
Euskal Herriko lekuren batean ikusi ahalko da Yellow tide erakusketa?
Obra hau guztia hemen uzteko asmoagaz jardun dut. Zaila izango da proiektu hau Euskal Herrian ikustea. Bihar daukagu erakusketaren irekiera, eta hainbat galeristen bisita jasoko dugu. Oso polita litzateke eurekin harremanen bat abiatzea.
Koldo Almandozekin konpartitzen duzu espazioa. Zer harreman daukazue?
Loiuko aireportuan ezagutu genuen elkar, eta uste dut bizi osorako lagunak izango garela. Tipo maitagarria da, eta arteari buruzko hainbat ideia konpartitzen dugu. Gainera, hemen burutzen ari den lana oso interesgarria egiten zait.
Zertan diharduzu orain lanean?
Formatu handiko margolanen serie bat osatu berri dut. Hasieran arazoak eduki nituen erabiltzen dudan materialagaz (karroza-tinta) eta hiriko tenperaturagaz. Ezinezkoa da 35 gradu eta %100eko hezetasunagaz material hori baliatzea. Horregatik, goizaldeetan egin izan dut lan. Shangaira bidaiatzea eta Txinako marea honetan nabigatzen jarraitzea da dauzkadan beste proiektuetariko batzuk.
“Sorkuntza prozesuak mantentzen nau bizirik”Marraztea, ekintza bera da Iglesiasen berbetan gehien betetzen duena, eta aldi berean, mindu ere egiten duena. “Sorkuntza prozesuak mantentzen nau bizirik, eta prozesu hori amaitzen dudanean hiltzen naiz”, dio. Geometria eta espresionismoa uztartuz jarduten du Ismael Iglesiasek, eta bere koadroak berbaz azaldu barik, nahiago du jendearen interpretaziora zabalik utzi. Jendea bere koadroak ikustera gonbidatu eta gainontzekoa bakoitzaren imajinazioaren arabera libre utzi. Kontatu du Guillermo Aymerich Carallo artistaren motorretik ezagutu duela 22 milioi biztanleko Pekin. Bidaia honetan gura duen guztia ikustea ezinezkoa izango duela badaki, eta nahiko luke berriro hainbat aldiz joan. |