Aukeratu dituzte urte amaierara arteko hiru saioetan landuko dituzten literatura lanak.
Hileko lehen eguaztenean batzen dira Durangoko liburutegiko irakurle txokoetan. Euskaraz idatziriko lanen inguruan jarduteko, taldean batzen dira, 19:30ean; eta gazteleraz, 18:00etan.
Lehenengo hiru-hilabeteetarako egitaraua eman dute dagoeneko jakitera: La sociedad literaria y el pastel de patata de Guernesey, Aya de Yopougon eta Vredaman landuko dituzte gaztelerazko taldean.
Euskarazko taldean, aldiz, Harkaitz Canoren Twist, Coetzee-ren Lotsakizuna, eta Leire Bilbaoren Scanner aztertuko dituzte urrian, azaroan, eta abenduan, hurrenez hurren.
Isa Castillo literatur kritikariak gidatzen ditu Irakurleen Txokoaren saioak, eta berak proposaturiko liburuak irakurtzen dituzte. Liburutegiko hitzorduetan komentatzen dituzte gero.
Talde irekia
Irakurle Txokoa talde irekia dela diote antolatzaileek. Gura duenak Durangoko liburutegira bertaratuta eman dezake izena.
Azken urteetan talde bakoitzean dozena bat lagun inguru aritu dira. Azaldu dutenez, emakumezkoak izan dira orain arte parte hartu duten gehienak. Urritik aurrera berrartuko dute hilean behingo hitzordua.