Atleta gazterik onenak Durangon batuko dira

Anboto 2012ko ira. 6a, 14:05

2013ko ekainean Durangok hartuko du gazte mailako atletismo txapelketa; Bizkaian jokatzen den lehenengo biderra izango da

2013ko ekainean Durangok hartuko du gazte mailako atletismo txapelketa; Bizkaian jokatzen den lehenengo biderra izango da.

 

Datorren urtean, ekainaren 22tik 23ra, Durangoko Arripausuetan jokatuko dute gazteen mailako Espainiako atletismo txapelketa. Bizkaian, Durango izango da lehenengo herria maila horretako txapelketa hartzen.

 

Orotara 900 atleta batuko dira Durangon. Euren laguntzaileak, txapelketako epaileak eta bestelako ordezkariak batuta, Durangaldetik kanpoko 2.500 bat lagun batuko ditu guztira. Atzoko prentsaurrekoan, txapelketak herriko ostalaritzari eta komertzioei ekarriko dien onura azpimarratu zuten Aitziber Irigoras alkateak eta Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak. Hain zuzen, herriari ekarpen hori egiteko saiatu da Bidezabal kluba txapelketa Durangora ekartzen: “Udaletik diru-laguntza jasotzen dugu eta Amankomunazgotik azpiegiturak. Guk ere zerbait eman nahi genion herriari, urteetan eman digutena bueltatu nahi genien”.

 

Durangoko txapelketatik irtengo da, hilabete geroago, uztailean, Ukrainiako munduko txapelketera joango diren atleten zerrenda. Sailkapen hori lortzeko borrokan ibiliko dira Bidezabaleko Leire Gorritxategi eta Irene Perez, besteak beste.

 

Arripausuetan hainbat eraberritze lan egingo dituzte datorren urtera bitartean. Dagoeneko pertika eta mailu jaurtiketak praktikatzeko material berria erosi dute eta, bigarren fasean, azpiegiturak irisgarritasun neurrietara egokituko dituzte.

 

Morenok, marka berria

Orain asteburu bi Iruñean jokatutako Espainiako txapelketan Bidezabaleko Arantza Moreno ermuarrak beste erakustaldi bat eskaini zuen xabalina jautiketan. Gazteen mailan aurretik ere berea zen errekorra hobetu zuen (49,90metro) eta nagusien mailan zilarrezko domina jantzi zuen. Belit Solarrek brontzea eskuratu zuen korrika. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!