Apirilean Plateruenean burutu zuten Greatest Hits jaialdiaren antolatzaileen eskutik, Bertsioen Gaua izango da Durangoko San Fausto jaien barruan, urriaren 20an.
Andra Mariko elizpean izango da hitzordua, eta jaialdian parte hartu gura duten taldeei izena deialdia egin diete antolatzaileek. Telefonoz, 659 222 255 zenbakira deituta, edo helbide honetara idatzita ere eman ahalko dute interesa dutenek izena: aloka@lakuntza.com
Taldeko partaide gehienak Durangoko dituzten taldeek edukiko dute jaialdian parte hartzeko lehentasuna. Antolatzaileek azaldu dutenez, jai batzordeak erabakiko du, ondoren, izena ematen dutenetik zeintzuk taldek eskainiko duten zuzenekoa.
Kontzertuan, aukeratu duen musika talde klasikoaren bertsioak eskainiko ditu parte hartzaile bakoitzak: 30 edo 45 minutu arteko zuzenekoa eskainiko du talde bakoitzak.