Hiru lasterketek osatzen zuten txapelketan erregularrena izan da 17 urteko durangarra.
Sufrituta lortutako garaipenak oraindino gogo handiagoz ospatzen direla diote eta, hori horrela bada, Alain Ramirezek baditu ospakizun handietarako arrazoiak. Joan zen eguenean, Euskal Herria Torneoko lider heldu zen Obanosera (Nafarroa), txapelketako azken lasterketara. Haizeak erabat zakartu zuen lasterketan latz sufritu zuten txirrindulari guztiek, eta Ramirezek iskiotibialetako lesio bati ere aurre egin behar izan zion. Azkenean, 28. amaitu arren, berarentzako izan zen txapela.
Lasterketa bizi-bizia izan zen. Hamabi bat txirrindulariko ihesaldi bat sortu zen eta taldetxo hori heldu zen helmugara. Talde horretan sailkapen nagusian seigarren zegoen Luis Pascual zegoenez, Ramirezen taldeak hartu zuen jazarpena egiteko ardura, baina ezin izan zituzten harrapatu. Ondorioz, durangarrak aurrera egitea erabaki zuen eta bost txirrindulariko beste ihesaldi batean sartu zen. Ahalegin betean zebilela, iskiotibialetan mina etorri zitzaion eta atzean geratu zen. Une horretan dena galduta ikusten zutela onartu du Josu Atxotegi taldeko (Beste Alde-Rent a Car-Orue Eskola) zuzendariak: “Bagenekien Pascualek lehenengo lauren barruan amaituz gero, txapela berarentzako zela. Alaini mina etorri eta atzean geratu zenean, dena galduta ikusten genuen. Helmugara heldu ondoren jakin genuen Pascualek hamahirugarren amaitu zuela eta txapelketa Alainek irabazi zuela. Poz ikaragarria hartu genuen denok”.
Euskal Herriko Trofeoa irabazteko gakoa erregulartasunean egon da. Ramirezek ez du lasterketarik irabazi, baina txapelketa osatzen zuten hiru etapetan aurrean ibili da eta puntu asko batu du. Agurainen eta Zornotzan lehiatutako lasterketetan zazpigarren eta hirugarren sailkatu zen, hurrenez hurren. Aguraingo lasterketan ihes eginda eman zuen ia etapa osoa eta azkenengo 500 metroetan harrapatu zuten. Hala ere, batek daki nondik indarrak batu eta lehenengo hamarren artean sartzeko ahalmena izan zuen.
Lasterketa batek baino gehiagok osatzen dute txapelketa bat irabazten duen lehenengo aldia du Alain Ramirezek. Aurretik, kadeteetan zebilela, Euskadiko txapelketa irabazi zuen.
Asteburuan Donostiako criteriuma
Datorren zapatuan eta domekan Donostiako criteriumean parte hartuko du Beste Alde-Rent a Car-Orue Eskola taldeak eta Alain Ramirez izango da taldeburua. Lehenengo bosten artean sailkatzea du helburu. Criterium hori irabazteko faborito nagusia Caja Rural taldeko Iker Azkarate lazkaotarra da. Azkaratek irabazi zuen, hain zuzen, Obanoseko lasterketa ere.