Indartsuen artean muturra sartu dezakeela erakutsi du Kulturalak

Anboto 2012ko ira. 1a, 15:46

Ligako lehenengo partiduak aho zapore gozoa utzi zuen Tabiran. Durangoko Kulturalak husna berdindu zuen Beasainen aurka, baina lotsarik gabe oldartu zitzaion mailako talderik indartsuenetakoari. Zapatuan Getxo bisitatuko dute.

Husna berdindu arren, ligako estreinako partidua nota onagaz gainditu zuen Kulturalak joan zen asteburuan. Hirugarren mailan, play off postuetarako borrokan egon beharko lukeen Beasainek bisitatu zuen Tabira. Mikel Agirregomezkorta entrenatzailea oso gustura agertu da bere mutilek erakutsitakoagaz: “Baloiaren jabetza geurea izan zen eta partiduko pisua eroan genuen. Jokalarien portaera ere bikaina izan zen. Denboraldian zehar jarraitu beharreko bidea zein den ikusteko balio izan zigun partiduak”. Baina bakarra aurkitu dio taldeari: “Azken metroetan presakaegi jokatu genuen eta ezin izan genuen golik sartu”.


Agirregomezkortak bigarren denboraldia izango du Kulturala entrenatzen eta, iaz legez, onenen artean borrokatzea da taldearen helburua: “Play off postuetan edo asko jota haietatik partidu batera edo bira mantentzen saiatuko gara. Badakigu hirugarren mailan talde boteretsu asko daudena, baina gu lanerako prest gaude”.


Sei jokalari fitxatu dituzte helburu horiek gauzatzeko. Oro har, zelaiko posturik gehienak indartzen saiatu dira. Taldea iaz baino “apurtxo bat konpentsatuagoa da”, Agirregomezkortaren ustez. Beasainean kontrako partiduan titular jokatu zuten aurtengo fitxaketa bik: Jon Varelak eta Eneko Casadok. Asis Peña eta Iñigo Endemaño bigarren zatian zelairatu ziren.


Harrobiarengan konfiantza


Kulturalaren gazte mailako sei jokalarik nagusiekin egin dute aurredenboraldia eta horietako bost lehenengo taldean geratu dira: Jon Galarza eta Beñat Arruabarrena defentsak, Lander Olaetxea etra Beñat Alberdi erdilariak, eta Mikel Abad aurrelaria. Joseba Valladares erdilariak Iurretakon jokatuko du aurten Kulturalak utzita.


Agirregomezkortak argi utzi du gazteei minutuak emateko prest dagoela: “Kontuan hartzen ditugu. Gazteenetik Hirugarren mailara salto handia dago, baina ondo entrenatzen ari dira. Mailara egokitzen direnean minutuak izango dituzte. Lehen taldean geratu dira, ez beste aukerarik ez zegoelako, benetan balio dutela uste dugulako baino”.


Zapatuan Getxo talde igoberriaren aurka jokatuko dute ligako bigarren neurketa. Ez da mailako areriorik gaitzenetakoa, baina Kulturaleko entrenatzailea ez da fidatzen: “Ehuneko ehuna eman ezik edonoren kontra galdu daiteke. Guk badakigu gure zeregina zein den”.

 


 

KULTURALAREN AURTENGO FITXAKETAK

 \"\"

- Mikel Arribas
- 23 urte
- Atezaina

 

 

 

 

Leioa taldetik etorri da. Urte bian bigarren atezaina izan den Unai Rodriguez Iurretakora joan da. Taldeak irteera eman dio jokatu dezan. Hutsune hori betetzeko fitxatu dute Mikel Arribas. Azken urteetan atezain titularra izan den Garikoitz Basaurirekin lehiatu du postua 23 urteko gazteak.

 

 \"\"

- Jon Varela
- 23 urte
- Defentsa

 

 

 

 

Eibar B taldetik ekarri dute. Eskuin hegalean edo zentral joka dezake. Iñigo Carro Amorebieta taldera joan da eta hark utzitako hutsunea betetzeko ardura izango du. Jokalari gaztea da oraindik eta Carroren antzerako dohaiak ditu. Hegaletik taldeari erasoan laguntzeko ahalmena ere badu.

 

\"\"

- Gorka Martinez
- 30 urte
- Defentsa

 

 

 

 

Jokalari hau izan da taldera batzen azkena. Orain aste bi fitxatu dute Lemoa taldetik. Zentral jokatzen du. Talde askotan aritu da, baita Euskal Herritik kanpora ere, eta esperientzia handia du. Esperientzia hori oso baliagarria izan daiteke Kulturala bezalako talde gaztean. Ondo moldatzen da aireko jokoan.

 

\"\"

- Asis Peña
- 24 urte
- Erdilaria

 

 

 

Eibar B taldean aritu zen iaz eta Beasainen ere jokatu du. Postu baten baino gehiagotan jokatzeko ahalmena du, baina berez erdilaria da eta Ander Pinilligaz partekatu beharko du zelai erdiko postua. Oraindik gaztea izanagatik, esperientzia zabala du eta Bigarren B mailan Sestao taldeagaz jokatu du.

 

 

\"\"

- Eneko Casado
- 28 urte
- Erdilaria

 

 

 

 

 

 

Leioa taldetik dator. Erasora begira jokatzen du eskuin hegalean. Txikia, azkarra eta abila da. Gainera jaurtiketa ona du. Eskuin hegala da bere ohiko postua, baina ezkerretik jokatzeko kapaz ere bada. Ez da jokalari garaia, baina buruz erremate ona du, hein handi batean jauzi handia duelako.

 

 

\"\"

- Iñigo Endemaño
- 19 urte
- Aurrelaria

 

 

 

 

 

Gernika taldetik ekarri dute. Joseba Garcia aurrelaria airez indartsua bada eta baloia babesteko ahalmena badu, Endemañok azkartasuna eta bizitasuna ditu ezaugarri nagusi. Aurrelari biak bata bestearen osagarri izan daitezke. Gainera, oso gaztea denez, oraindik garapenerako tartea du.

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!