‘Orsai’ ikuskizuna eskainiko dute Durangoko udaletxeko plazan; Gorka Zerok zuzendua da.
Udaletxeko plazan eskainiko du Uda Kalean Bizi jaialdiaren barruko bere emanaldia Malas Compañias taldeak, gaur, 19:00etan. Publiko guztientzako egokia da Orsai: egunerokotasuneko objetuei eta ekintza sinpleei beste zentzu bat ematen diete aktoreek, akrobaziak eta jolasak baliatuta. Diego Aimar, Mikel Pikaza eta Roberto Ferro aktoreek jarduten dute eszenan, eta Durangoko Ganso & Cia taldeko Gorka Zerok burutu du obraren zuzendaritza lana.
Durangoko San Agustin kulturguneak antolatzen du Uda Kalean Bizi. Gorka Zero lehenago ere jardun izan da programa horretan. “Oso harreman sakona daukagu kulturguneagaz”, azaldu du durangarrak. Izan ere, duela bost urtetik hona, kulturgunean dauka kokatuta bere egoitza Zeroren antzerki konpainiak.
Bere taldearen filosofia eta Uda Kalean Bizi programazioarena bat datozela dio Gorka Zerok. Izan ere, kaleko antzerkian jarduten baitu Ganso & Ciak: “Maite dugu antzerkia kalean erakustea, oso diziplina berezia da, eta aretoko antzerkiak ez dauzkan osagaiak dauzka: publikoa antzerkira hurreratzen du kalekoak, eta agian kaleko antzezlan bat ikusi duena irailean San Agustin kulturguneko emanaldietara erakartzen lagundu dezake”.
Aste Santuan clown teknikaren inguruko ikastaroa antolatu zuten Ganso & Cia taldeak eta Durangoko San Agustin kulturguneak. Oso pozik daude ikastaro horrek eduki zuen harreragaz, eta neurri batean, Durango clown-aren munduko erreferentzia bilakatu daitekeela erakutsi duelako. Horretan ere badihardute San Agustinekin kolaboratzen.
Zelan sortu zaizu Malas Compañias Zirko Taldeagaz kolaboratzeko aukera hau? Oilaskoetxea lanean ere kolaboratu nuen Malas Compañias taldearekin, izan ere, urteetako erlazioa daukagu. Antzerki ikastaroetan, eta beste hainbat gauzatan elkarrekin jardun izan dugu lehenago ere. Aktoreek euren trebezia eta gabeziak ezagutzen zituen zuzendari batekin nahi zuten lan egin, eta euren gaitasun osoa aprobetxatzen saiatu naiz.
Aurretik eduki duzu beste esperientziarik zuzendari legez? Urte askoan Hortzmuga taldeagaz jardun izan dut lanean, eta Ganso & Cia taldeagaz ere neuk egiten dut zuzendari lana. Azken boladan, Karrikaren antzezlan bat zuzentzen ere jardun dut. Herrialde Katalanetan nago orain, Panetone Brothers konpainiaren obra bat zuzentzen.
Zelako esperientzia izan da ‘Orsai’ zuzentzea? Oso ona. Oso gogoko dut sormen lana. Aktore lanetan nire estiloaren bila dihardut, nire gaitasunei moldaturiko estiloa topatu guran. Zuzendari lanetan nabilenean, aldiz, askoz ere zabalagoa da eremua. Nirera moldatzen ez diren estiloak jorratzea eta oholtzan beste ideia eta antzezteko era batzuk ikustea oso interesantea da. Malas Compañias taldearen Orsai antzezlan honetan, gainera, zirkua eta malabarea baliatzeko aukera ere izan dut.
Zer nabarmenduko zenuke ‘Orsai’ lan honetatik? Trebeziari baino, plazerari eta gozamenari garrantzia gehiago ematen dion zirku ikuskizuna da, berezia. Jolastu eta gozatu egiten dute aktoreek oholtzan, eta jolas horrek bideratzen ditu zirku ariketa batzuk egitera. Ariketak eurak ez dira ikuskizunaren helburuak. Clown teknika baliatuta, publikoak gurekin jolastea bilatzen dugu: gure saltsan sartzen dugu publikoa. |