Sarrian, antzina errota izan zen baserrian giro baketsua topatu zuen Xabier Castillo Miota Xeberrik. Erreka hotsa entzuten da historia askoko etxearen atartean. Bizkaiko lehen paper fabrika egon zen bertan. 70eko hamarkadan kantagintzan eta geroago bikoizketan murgilduta egon da Xeberri, eta pozik erakusten ditu bere etxeko bazterrak.
Zelan topatu zenuen txoko berezi hau?
Gurasoak baserritarrak ziren, eta senak bidalita-edo, abesten nenbilenean baserri bila hasi nintzen. Hona heldu nintzenean udaberria zen, birigarroak abesten, ura nonahi, eta esan nuen: hau da nire tokia. Etxe berezia da, errota izandakoa, eta berton egon zen Bizkaiko lehen paper fabrika, 1.788 inguruan. Garai haietan arropagaz egiten zuten papera.
Kantagintzako sasoiak aipatu dituzu. Noiz hasi zinen abesten?
Gasteizen hasi nintzen, han ikasten nengoela, 1970an. Amets izeneko taldea sortu genuen bost lagunek, gitarra elektrikoekin, euskaraz abesten. Hori Araban eta urte horietan oso gauza berria zen.
Bakarkako disko bat ere grabatu zenuen...
Deustura etorri nintzen ikastera, eta bazegoen Portugaleten El Abra jaialdia, lehiaketa. Estitxuk eta Natxo de Felipek-eta irabazi zuten saria jaialdi horretan, eta ni ere aurkeztu nintzen, eta irabazi nuen. Saria diska bat izan zen. 1973an grabatu nuen; Iparragirreren letrekin egindako lehen diska izan zen.
Gontzal Mendibilegaz bikotea osatu zenuen.
Saria irabazi eta hurrengo urtean Gontzalek irabazi zuen. Ni gonbidatuta egon nintzen, eta hantxe ezagutu genuen elkar. Duoa egin eta kontzertu asko eman genituen, oso famatuak izan ginen. Zaurietatik dario diska atera genuen eta han hainbat abesti: Araban Bagare, Laster-laster, General Mola... Oso intentsoa izan zen. Momentua ere halakoa zen; Frankismoa jaustear, eta bultzatu egin behar zen hori.
Oso ezagunak bihurtu dira zuon kantak.
Zapatuan Kriskitinen 25.urteurrena aurkeztu nuen Durangon, eta gero parte zaharrean trago bat hartzen nengoela, gazte talde batek, ni ezagutu-edo, eta euren artetik pasatzerakoan Araban Bagare abesten hasi ziren. Ni ere hasi nintzen eurekin. Polita da hori.
Euskal Herriko Lur Maitia kontzertuetan parte hartu duzu. Zelako esperientzia izan da?
Niko Etxart, Gorka Knörr, Urko, Gontzal Mendibil... Euskaldunan abestu genuen, Kursaalen, Durangon ere bai... Eta aretoak beteta! Denekin, oso-oso ondo. Gontzal eta biok arinago ezer entseatu barik joan ginen Donostiara, lehen saiora. Hasi ginen abesten, eta lehen bezala! Denak harrituta gelditu ziren. Esan didate deituko didatela beste zertxobait egiteko, eta ni gustura.
Denbora luzez albo batera utzi duzu kantagintza, eta bikoizketan jardun duzu.
Mundu horretan murgilduta egin ditut 30 urte. Orain ez dago dirurik, lan berria gutxitzen ari da.
Badaukazu pertsonaia berezirik gogoan?
Baneukan zerrenda bat, baina galdu egin dut... Ehundaka lan izan dira! Lehenetarikoa El Evangelio según San Mateo, Pasolinirena, lau orduko pelikula. Jesusi ipini nion ahotsa. Galai gaztearen paperak egin ditut, eta marrazki bizidunetan ere asko ibili naiz. Pertsonaia guztiz desberdinak egin ditut: Garfieldi neuk egin nion, Robert Refordi, Antonio Banderasi, Dragoi Bolan Yamcha nintzen, eta hasierako Dragoi Bolan abestu egin nuen...
Aktorea izan zara azken finean.
Ahotsarekin interpretatu egiten dugu. Ahotsa aldatzeko trebezia eduki behar da: bolumena, ahotsa apurtzea, faltseteak... Faltsete asko egin ditut. Laupabost gama izatea komeni da, goiko eta beheko tonuetan, pertsonaia bakoitzari ahots gama bat emateko. Bost minutuko zati edo take-etan egiten dira bikoizketak. Minutu horietan oso kontzentratuta egoten zara; zortzi orduz horrela, oso kantsatuta amaitzen nuen.
Gero filmak ikusteko gogorik bai?
Nik ez! 30 urte telebistarako lanean, eta ez daukat telebistarik etxean; ez daukat beharrik. Irratia entzuten dut eta Internet erabiltzen dut mundua zelan dabilen jakiteko.