Zergaitik ez da euskal kulturgintza komunikabideetan ikusgarri?. Galdera horri erantzuten saiatuko dira, Askarako 2012 zikloaren bigarren mahai inguruan. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren eskutik jaio da Askarako.
Ahotseneak antolaturiko lehen sortzaileen topaketen testuingurua aprobetxatuz, Azpeitian egingo dute bigarren mahai inguru hori. Azpeitiko Zaharren egoitzan egingo dute, uztailaren 2an, 19:30ean. Larrabetzuko Literaturaren magalean ospatu zuten lehenengo mahai ingurua.
Askarako ekimena euskal kulturgintzaren gaineko hausnarketa gune bat da. Hutsune bat nabaritu zen gogoetaren alorrean eta hutsune hori betetzeko asmoz jaio zen. Azaldu dutenez, "proiektu bizia izanik interesa duen orok proiektua indartzen laguntzeko ateak zabalik ditu, ekarpen guztiak baitira ongietorriak".
Helburu nagusia gure kulturgintzan egun bizi duen errealitatearen argazkia osatzen joatea da, horretarako gai desberdinak landuko dituzte eta zikloa amaitzean beronek utzitako emaitzak publiko interesatu orori helaraziko zaizkio.
Zergaitik ez da euskal kulturgintza komunikabideetan ikusgarri? izenburupean antolatutako mahai ingurua zuzenean streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da www.durangokoazoka.com webgunean, eta twitter bidez #askarako etiketarekin.