"Mota guztietako emakumeek egin ditzakete irudi akrobatikoak"

Anboto 2012ko uzt. 2a, 08:04

Zirkuko akrobaziak eta dantza sentsuala. Sexy Pole Dance irakaslea da Elizabeth Punzano zornotzarra. Hainbat gimnasiotan dabil barra amerikarrarekin irudi akrobatikoak zelan egin irakasten. Durangon ere bai. Askok stripteasagaz nahasten dute, baina kirol entrenamendutik hurreago dagoela dio Punzanok

Zirkuko akrobaziak eta dantza sentsuala. Sexy Pole Dance irakaslea da Elizabeth Punzano zornotzarra. Hainbat gimnasiotan dabil barra amerikarrarekin irudi akrobatikoak zelan egin irakasten. Durangon ere bai. Askok stripteasagaz nahasten dute, baina kirol entrenamendutik hurreago dagoela dio Punzanok. 

 

Barra amerikarrean ibiltzen zarete dantzan?

Bai, burlesque dantza da, kabaretekoa... Sentsuala da, baina ez dauka zerikusirik strip-teasarekin. Barraren inguruan akrobaziak egiten ditugu, irudi altuak eta baxuak. Kirola da, olinpiadetara eroan gura izan dute, baina ez dute utzi dantza erotikoarekin lotzen dutelako, strip-teasagaz eta Las Vegasegaz. Hori ez da ezer txarra, ni strip-tease egiten dutenen alde nago, baina ez dut horrelakorik irakasten; akrobaziak egiten ditugu.

 

Zelan ezagutu zenuen Sexy Pole Dance modalitatea?

Denbora luzean nabil dantzan, diskoteketan lanean, koreografiak egiten... Beti izan da nire pasioa. Umetan ez nuen balleta, gimnasia edo horrelakorik ikasi, baina egongelan sartzen nintzen musika topera ipinita eta orduak dantzan pasatzen nituen etxean. Ofizioz administraria nintzen, baina beti neukan buruan gustatzen zaidan horri ekitea, eta lan egoera hain ona ez nuenez, animatu egin nintzen.\"\"

 

Eta dantza mota berezi hau ezagutu zenuen...

Nire lehengusinak badauka pilates, aerobic eta horrelakoak ematen dituzten zentro bat, eta esan zidan dantzan ondo egiten nuela eta eskolak ematera animatzeko. Baina nik dantzan bai, baina ezer konkreturik, izendunik, zer irakatsi nezakeen? Bideo bat erakutsi zidan lehengusinak eta maitemindu egin nintzen. Madrilera joan nintzen zirkoetan ibilitako profesionalekin ikastera. Gero lehengusinaren lokalean hasi nintzen. Orain Bilbon eta Durangon ere ematen ditut klaseak.

 

Jendea animatzen da?

Durangon ez dugu zorte handirik eduki. Ate irekien egun bat egin genuen, eta kartel batzuk egin genituen irudiekin. Antza ikastetxe batetik gertu ere ipini zituzten kartelak, eta ama batzuk kartelak ipintzen zeuden mutilei txarto esaka hasi ziren. Ezezagutza da; jendeak pentsatzen du emakume bat barra ondoan dantzan ikusita prostituzioa edo horrelako zerbait dela, eta ez dauka horrekin zerikusirik. Emakume izateaz eta autoestimuaz zerikusi handiagoa dauka.

 

 

Zer egin daiteke ideia hori aldatzeko?

Strip-teasa egiten duten hainbat emakume daude, lan bat da, eta oso ondo iruditzen zait. Hainbat akademiatan hau zirku munduko zerbait dela bultzatzen dute. Las Vegaseko barra amerikarrek egin dituzte ezagun horrelako akrobaziak, baina berez kirol hutsa da hau; Cirque du Soleilen egiten dute.

 

 

Autoestima berba aipatu duzu.

Frogatuta dago dantzak, eta oro har, gorputzaren mugimenduak endorfinak sortzen dituela eta autoestimua handitzen duela. Horrez gainera, bultzatu gura dugu norbera bere buruagaz gustura egotea. Mota guztietako emakumeek egin ditzakete irudi akrobatiokak. Gorpuzkera dela eta konplexu asko egoten dira, baina izter lodiagoak edukita, barrara hobeto helduko zaitezke. Hor norbera ausartzeak zerikusi handia dauka. Horrez gainera, luma batzuekin sentsual sentitzeak ondo sentiarazten zaitu. Aurrerapausuak egitea bera  garrantzitsua da; hiru astetan irudiak egiteko gai direla ikusten dute, eta horrek autestimuan txute handia dakar.

 

Ez du ba oso erraza ematen...

Txikitan behin pino egiterakoan jausi eta itzeleko kolpea hartu nuen, eta istripuak ere izan ditut, autoak bueltak emanda. Niretzako buruz behera ipintze hutsa gehiegizkoa zen, eta erronka handi bat izan da horrelako ariketak egitea. Madrilen negarrak ere egin nituen. Baina, irudiak egitea lortzen duzunean, jainkoa zarela sentitzen duzu. Geure buruari jartzen dizkiogun mugak baino ez dira beldur horiek.

 

 

Poza eman dizu, beraz.

Bizitzan gertatu zaidan onena da ikastaro hauek ematea. Egiten dudanaz oso seguru nago. Ikastaroetan, gainera, armonia eta giro itzela egoten da, elkarri laguntzen diogu, konparaketan ibili barik. Ikastaroak Zornotzan jaio zirenez, bertan exibizio bat egitea gustatuko litzaiguke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!