"Inportantea da uneoro argazkiak egiteko grinari eusten jakitea"

Anboto 2012ko uzt. 2a, 09:02

Itxuraz ezdeusak eman dezaketen gogoetatik sorturikoa da Mikel Ibarrola (Iruñea, 1982) nafarraren Pasos proiektua. Lehenengoz ipini du lana erakusketan: Durangoko Ezkurdiko udal aretoan, uztailaren 8ra arte izango da bisitariei zabalik

\"\"Itxuraz ezdeusak eman dezaketen gogoetatik sorturikoa da Mikel Ibarrola (Iruñea, 1982) nafarraren Pasos proiektua. Lehenengoz ipini du lana erakusketan: Durangoko Ezkurdiko udal aretoan, uztailaren 8ra arte izango da bisitariei zabalik.
 

 

‘Pasos’ aurkeztu duzu Begira argazki jaialdian: 2009an martxan ipini eta oraindik zabalik dagoen proiektua. Zertan datza?

Nire argazkigintzaren ikuspegi aldaketa baten ondorioz, 2009an jaio zen proiektua. Aldaketa hori ez datza hainbeste istorio erreal baten inguruko elementuen bilaketan; testuinguru barik, modu atenporalean eta zatikatuta agertzen zaigun eguneroko baten bilaketan baizik. Hori da nire ikuspuntutik proiektuaren zentzua. Hala eta guztiz ere, hortik aurrera ikusleak bere ikuspuntu eta interpretazioak eraikiko ditu argazkigintza proposamen honek eskaintzen dituen zeinu sinbolikoei bere zentzua emateko.

 

 

Zein izan zen argazkigintza proiektu honen hasiera?

Orain hiru urte sortu nuen Pasos, eta zabalik jarraitzen du. Irekita dago etorkizuneko berreraiketetara: ez dauka ez muga geografiko ez tenporalik. Begira argazki jaialdiaren barruko erakusketa hau, proiektuaren lehenengo aurkezpena da, eta oso pozik nago Durangokoa lako argazki jaialdi batean aurkeztu dezakedalako.

 

Eguneroko bizitzan oharkabean pasatzen diren gauzei buruzko argazkiak direla adierazi duzu. Zergatik erreparatu printzipioz axolagabea dirudienari?

Egunerokotasunari begiratzeko interes pertsonal batetik sortu zen Pasos: nire harridurarako ahalmena akuilatzeko eta hain gertu daukagun arren sarritan oharkabean igarotzen zaiguna zalantzan jartzeko helburuagaz dihardut.

 

Zuri-beltzak dira bildumako argazki guztiak. Arrazoi bereziren bat?

Uste dut estilo kontua baino ez dela zuri-beltzaren aukeraketa. Formatuarekin eta estetikarekin batera autoreak bere proiektua garatzeko apropos ikusten dituen mugetako bat baino ez da  zuri-beltzaren hautaketa.

 

Zelan egiten duzu lan? Kamera beti aldean eramaten duzu?

Proiektuaren arabera, lan dinamika bat edo bestea erabiltzen dut. Pasos ez da argazki kopuru handiko ekoizpena behar duen proiektua. Horregatik, argazki kamera beti eskura izaten dudan arren, ez dut argazki asko egiten. Proiektu honetan gogoetarako eta bizipenetarako tartea uste dut oso inportantea dela, eta horrek aldentzen nau hainbeste argazki egiteko larritasun horretatik. Uste dut, inportantea dela uneoro argazkiak egiteko grinari eusten jakitea ere: dena izan daiteke argazki baterako interesantea, baina aukeratzea garrantzitsua da.

 

Egon zara Durangoko Begira argazki jaialdiko gainontzeko erakusketetan?

Erakusketa inauguratu aurretik egon nintzen beste erakusketak bisitatzen. Jaialdiko eskaintza oso positiboa dela uste dut, lan oso desberdinak ezagutzeko aukera ematen duelako. Gainera, Begira jaialdiko erakusketetako autore guztiek oso interesgarri iruditzen zaidan elementua partekatzen dute: argazkigintzako sorkuntzarako begiradaren iragazki nagusia subjetibitatea izatea. Bestale, hitzaldi, tailer, erakusketa eta proiekzioetan parte hartzeko aukerak, argazkilaritzaren inguruko giro kultural oso aberasgarria sortzen duela uste dut. Interesgarriena, lan egiteko era desberdinak ezagutzeko aukera da, eta argazkigintzarako interesa duen jendeagaz elkar eragiteko aukera izatea.

 

Jaialdia antolatzaile Leo Simoesekin kolaboratu izan duzu. Zelan joan zen  erretratuen proiektua?

Duela urte batzuetatik ezagutzen dut Leo Simoes, eta elkarrekin lan egin izan dugu hainbat proiektutan. A primera vista lanean, antzinako argazkilari ibiltarien estiloan, Nafarroako herrietan topatzen genuen jendeari argazkiak egitea zen egitasmoa. Hainbat arrazoi direla medio, proiektua amaitu barik dago, baina beharbada etorkizunean aukera izango dugu berrartzeko.

 

Badaukazu Simoesekin beste kolaboraziorik?

Orain ez gabiltzan arren elkarrekin proiektu zehatz bat garatzen, gure arteko kolaborazioa etenbakoa da, argazkilaritzagatiko zaletasunak ezezik laguntasunak ere elkartzen baikaitu.

 

Zer proiektu burutzen diharduzu orain?

Hainbat lan berri burutzen dihardut, eta Pasos proiekturako lanean ere jarraitzen dut, tarteka. 

 


Argazkilaritzak hartu ditu Durangoko hainbat espazio

 

Ezkurdiko erakusketa aretoan ipini du, Mikel Ibarrolak Pasos bildumako bere lana. Uztailaren 8ra arte izango dira bere lanak Ezkurdiko aretoan. Horrez gain, Durangoko erdiguneko hainbat espazio argazkilaritzak beteko ditu uztail erdialdera arte.

 

Esaterako, San Agustin kulturguneko sarreran, Natacha Marlo Granadako argazkilariaren Absoluto topatuko du bertaratzen denak: hamabi metro karratuko argazki collage-a.

 

Durangoko Arte eta Historia Museoan, Laetitia Donval argazkilari  frantsesaren Nerves, Fest & La Maison izeneko bilduma dago uztailaren 15era arte.

 

Egun horretara arte ere egongo da Hexápoda erakusketa kolektiboa, Arte Leku galerian: El Trapiche taldeko bost argazkilariren lanak batzen ditu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!