Kriskitin dantza taldearen 25. urteurrena ospatzeko ikuskizun nagusia gaur eskainiko dute.
Durangoko Andra Mariko elizpean eskainiko dute Kriskitin dantza taldearen 25. urteurreneko ikuskizun nagusia, gaur, 22:00etan. Iazko urte amaieratik prestatzen aritu dira, eta dantza, kanta eta musika uztartu dituzte.
Urte hasi zituzten ospakizun ekitaldiak, eta orain arte egindakoen balantze positiboa egin du Egoitz Esturo zuzendariak: “Taldearentzat motibatzaileak izaten ari dira urteurreneko ekitaldiak”.
Gaurko emanaldiaren ostean, Kriskitin Eguna antolatzeari ekingo diote taldekideek: abenduraren 15ean ospatuko dute. Gaurko dantza saioko bideo eta argazkien emanaldia, triki-poteoa, bazkaria eta erromeria burutuko dituzte, esaterako, urte amaierako hitzordu horretan. Lagun artean eta dantzan igaroko dute eguna.
Baina, abendura arte, udazkenean zehar ere beste hainbat ekimen egingo ditu Durangoko Kriskitin dantza taldeak. Besteak beste, “taldearen 25 urteotako historia gal ez dadin", ikuskizunak, anekdotak, argazkiak eta bizipenak jasoko dituen liburua prestatzen dihardute taldekideek, eta bi erromeria gehiago ere ospatuko dituzte oraindik.
Taldearen mende laurdeneko historiari errepasoa egiteko sortu du Kriskitinek biharko ikuskizuna. Hainbat lanetako parteak nahastu eta gaurkotuz osatu dute ikuskaria: Berrasi, Kriskitinen ahotsa, Amillanpetik eta Aup. Talldeko zuzendariak azaldu duenez, emaitza “Kriskitinen 25 urteko bidea erakusten duen ordu eta erdiko ibilbidea da”.
Dantza taldearen belaunaldi guztietako dantzariek parte hartuko dute emanaldian, eta Ketxus Uriartek prestaturiko koreografia dantzatuko dute. Guztira, 150 pertsonak ariko dira ikuskizunean, eta horietatik ehun dira dantzariak.
Dantzariez gainera, mende laurden honetan taldea lagundu duten musikariek eta abeslariek ere parte hartuko dute Kriskitinek biharko antolatu duen emanaldian. Durangoko Bogoroditsie eta Doinu Zahar abesbatzetako 20 kantarik eta 15 musikarik kolaboratuko dute, besteak beste.
Xeberri kantari eta bikoizle durangarrak aurkeztuko du saioa, eta Kristina Mardaras bertsolari iurretarrak ere jardungo du ikuskizunean.
Egoitz Esturo zuzendariak urteurreneko ekitaldien aurkezpenean azaldu zuenez, 25 urteetako lanaren lagina, taldeak bizitako eboluzioa islatuko dute ikuskizunean. |