Musika klaseen diziplina apurtu eta ondo pasatzeko sortu dute zazpikoatea. Gaur kontzertua eskainiko dute.
Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolan jaio zen Gehi Zazpi. Iazko ikasturtean. “Hasieran zerbait pedagikoaren antzera”, Irati Ortubia irakasle eta taldekideak azaldu duenez. Ortubiagaz batera, bere sei ikaslek osatzen dute Gehi Zazpi zazpikotea. Biolontxeloa ikasten dute guztiek, eta oso gazteak dira: hamalau urte ditu taldekide gazteenak.
“Oso proiektu interesgarria da, oso gazteak diren arren dagoeneko oso ondo ematen duelako taldeak belarrira”, dio irakasleak. “Maila handiagoa daukatenean primerakoa izango da”.
Errepertorio klasikoaz aparte, zerbait desberdina, “dibertigarriagoa, melodikoagoa”, egiteko asmoagaz eratu zuten joan zen ikasturtean Gehi Zazpi taldea.
Musika ikasketen ohiko diziplinagaz apurtu eta ondo pasatzeko helburugaz ekin zioten proiektuari, eta Durangon hainbat bider jo dute ordutik. Musika eskolako aretoan hasi ziren, eta Andra Mariko elizpean eta San Agustin kulturgunean ere jo dute geroago.
Gaur, Elorrioko Musikaire jaialdiaren parte izango dira. “Pixka bat serioagoa da”, dio Irati Ortubiak. Asteon, kontzertu horretarako errepertorioa prestatzen egon dira zazpi neskak Bartolome Ertzilla musika eskolan.
Elorrioko emanaldian, kanta klasikoekin batera, Metallica edo Cesarea Evoraren bertsioak eskainiko dituzte, besteak beste: “Jendeari gustatuko zaion zerbait eskaintzea”. Hori izan da kanten zerrenda egiterakoan bilatu dutena.