Ahotsa, gitarra eta kaxoia dira Kuntur Tree hirukoteak jotzen dituzten instrumentuak; ekainaren 9an, Durangoko Intxaurre tabernan aurkeztu zuen taldeak hiru diskoren bilduma
Egoitz Etxebarria Gotzanek ahotsa, Liher Gonzalezek kaxoia eta Jon Aramendi Tximisek baxua jotzen dute Kuntur Tree musika proiektuan.
Orain arte grabaturiko lanen zuzeneko aurkezpena egin zuten hirurek, Durangoko Intxaurre tabernako kontzertuan, ekainaren 9an. Aurtengo negu eta udaberri artean grabatu dituzten kantak eta zaharragoak eskaini zituzten.
Lan bakoitzak bere soinua du. Udaberri honetan grabatu duten diskoak, homeless folk kutsua duela adierazi dute taldekideek: kaleko jendearen folka.
Orain lau urte, Elorrioko jaietako herriko gazteen musika taldeen kontzertuetan jotzeko elkartu zen hirukotea lehenengoz. Taldeko perkusio joleak kontatu duenez, urte haretan bertan hasi ziren entseatzen, eta horrela ekin zioten jotzeari kaxoia eta baxua, aurretik instrumentu horiek sekula jo ez bazituzten ere.
Musika eginez gozatzen dutelako gustora daude Kuntur Tree taldeagaz, Gonzalezek dioenez: “Apurka-apurka taldea aurrera ateratzea eta egiten dugunagaz disfrutatzea lortu dugu”. Taldea gorpuztuz joan den neurrian, kide berriak batu eta orain arte ipini dioten izenak ere aldatuz joan dira. Hasieran, Kuntur baino ez zen; gero, Kuntur Lee izan ziren, eta orain Kuntur Tree dira.
Izen batekin ala bestearekin, urteotan taldearen inguruan izan diren lagunei eta senideei, “ez daudenei ere bai”, eskaini gura izan diote lan berriena.
Hiru diskoetako kantak, ardoa eta artea ere batzen dituen euskarri berritzailean
Zelan argitaratu hiru disko batera, ahalik eta formatu merke eta berezienean? Hori pentsatzen ari zirela bururatu zitzaien ideia.
USB memoria batean bildu ditu Kuntur Treek hiru diskoetako kantak. Ardo botiletatik zintzilikatuta doa euskarri digitala, eta botila bakoitzak etiketan margolan esklusiboa dauka. Peru Magdalenak eta Gotzon Garaizabalek egin dituzte margolan berezi eta bakar horiek.
‘Disko-botila’ ale gehienak saldu zituzten Intxaurre tabernan egin zuten aurkezpenean. Jendeari asko gustatu zitzaion euskarri berritzailea: hirukotearen musika entzun bitartean ardoa dastatu, eta botila bakoitzak dakarren artelantxoa kontenplatu.
Lehenengo diskoak Gotzan abeslariaren bidaia islatzen du, Hegoameriketara joan aurretik grabaturikoa. Bigarrena, Kuban grabatu zuen hango musikariekin: Ande eta hemendietatik. Hirugarrena eta berriena da Kuntur Lee. |