Egunero antzerkiaren hedapenean eta sustapenean lan egiten duten Hegoaldeko eta Iparraldeko sei antzoki publikotako eta bi antzerki konpainietako ordezkariek aurkeztu zuten Zubi egitasmoa, Durangoko San Agustin kulturgunean.
“Euskal Herriko antzerkigintzan beharrean diharduten zazpi kideen adiskidetasunetik sortutako mugimendua izan da Zubi”, azaldu zuen Filgi Claverie Luhusoko Harri Xuri Arteen Fabrikako zuzendariak. Hegoaldean zein Iparraldean, “euskara gizarteratzen laguntzeko euskal antzerkiak daukan inportantzia” azpimarratu zuten aurkezpenean.“Lan tresna bat, oinarritik sorturikoa” dela ekimena azaldu zuten.
Urtero, euskarazko antzerki testu bat garatzeko laguntza emango dute ekimeneko zazpi parte hartzaileek: antzezlan bat aurrera ateratzeko ekoizpenerako eta lanaren hedapenerako laguntasuna eskainiko dute.
Egitasmoan parte hartzen duten zazpi eragileen artean erabakiko dute antzerkigileek aurkezten dituzten lan guztietatik zein proiektu gauzatzen lagundu.
Lehenengo edizio honetan parte hartu gura duten konpainiek, irailaren 14ra arte aurkeztu ahalko dituzte euren sormen proiektuak: antzezlanaren ideia, testua, fitxa artistiko eta teknikoa, aurrekontua eta egutegia. Artedrama Arte Eszenikoen plataformaren edo Harri Xuri kultur aretoaren helbideetara helarazi beharko dira proposamenak.
“Euskal antzerkigintzaren geroa direlako”, sortzaile berriak dira lagundu gura dituztenak: antzerkigintzan bidea egiten hasi direnak bultzatuko dituzte. Tamaina txiki eta ertaineko ekoizpenei lehentasuna emango dietela ere aurreratu dute ekimenaren bultzatzaileek aurkezpenean.
Antzerkizaletasuna eta publikoa egun batetik bestera ez, “emeki-emeki sortzen delako, hautatzen dugun konpainiak eskoletan tailerrak burutuko ditu”, azaldu dute.
Gazteleraz edo frantsesez sortutako lan asko diru-laguntzak jaso ahal izateko itzultzen dira gaur egun, euskarara. Lanak hasieratik euskaraz pentsatu eta garatzeko baliabideak eskaintzeko batu dira Zubi egitasmoan.