Atletismo egokituko Espainiako txapelketan parte hartu du durangarrak, zaku jaurtiketan.
Ivan Torres 31 urteko durangarrak kirol egokituko Espainiako txapelketan parte hartu zuen joan zen asteburuan, Basauriko Artunduagako kirol azpiegituretan. Londresko Olinpiar Jokoak bertan direla, Espainiako lau plusmarka lortu ziren. Espainiakoek ez ezik atzerriko hamabi herrialdetako parte-hartzaileak ere izan ziren Basaurin.
Torresek ez zuen marka berririk ezarri, baina onenen artean lehiatu zen. Gipuzkoako Dordoka taldean ari den kirolariak zakutxo jaurtiketan parte hartu zuen. Modalitate horretan 150 gramoko zakutxoa sei bider jaurti zuen. Hirugarren saiakeran lortu zuen markarik onena: 4.02 metro. Beste jaurtiketetan ez zen hiru metrora heldu.
Gurpildun aulkia erabiltzen du Torresek eta indarrari ahalik etekinik handiena ateratzeko atzez jaurtitzen dute zakutxoa modalitate horretan.