"Eurokopa baliabide handienekin kubritzen da"

Anboto 2012ko eka. 17a, 08:54

Herri telebistetan zebilela nork esango zion San Fausto auzoko (Durango) kameralari honi Eurokopan lan egiteko deituko ziotela. Azken urteotan maleta autotik atera barik, aurrera eta atzera ibili da lanak eskatzen duen lekura. Azken geldialdia Polonian egin du. Deitu eta berehala erantzun du

Herri telebistetan zebilela nork esango zion San Fausto auzoko (Durango) kameralari honi Eurokopan lan egiteko deituko ziotela. Azken urteotan maleta autotik atera barik, aurrera eta atzera ibili da lanak eskatzen duen lekura. Azken geldialdia Polonian egin du. Deitu eta berehala erantzun du. 

 

Zer moduz ekin diozu Eurokopan lanari?

Ilusio handiagaz hasi naiz lanean. Futbolzale amorratua naiz eta ez nuen espero Eurokopan lan egitea. Lan hau proposatzerakoan esaldia amaitzen ere ez nien utzi baietz erantzuteko. Medialan enpresari eskertu behar diot hau.

 

Zelakoak dira lan egunak futbol txapelketa batean?

Gure lan eguna luzea izaten da. Goizeko 10:00etan hasten gara eta goizaldeko 01:00etan amaitzen dugu. Juanjo, Yeray eta Jon lankideak oso jatorrak dira eta eramangarria izaten da. Lankideak baino lagunak ditut, edo hori uste dut nik (barrezka).

 

Lekuren bat ezagutzeko astirik izan duzue?

Mometuz ez dugu inora joateko astirik izan. Hotela dugun herrian eskapadaren bat egin dugu. Herria Reda deitzen da, Espainiako selekzioa dagoen Gdansk herritik gertu. Hau guztia Polonian dago. Aitortu behar dut gauren baten garagardoren bat hartzera joan garela Poloniako Ibiza esaten dioten Sopot herrira. Gomendagarria da, bai gauez eta baita egunez ere.

 

Beste lekuren batera joateko asmorik duzue?

Varsoviara. Bertan dauden lankideek oso polita dela esan digute. hala ere, uste dut hainbeste lan edukita ez dudala leku askotara joateko aukerarik izango.

 

Turista futbolzale ugari ibiliko da hortik.

Turista futbolzale asko dago, baina baita edozelan telebistan irten gura duten frikiak ere. Atzo esate baterako, Espainiako selekzioaren entrenamenduan koadrila bat torero jantzita zegoen eta euretako bat pikadore zaldi eta guzti.

 

Zelakoa izaten ari da esperientzia?

Eurokopa baliabide handienekin kubritzen da. Herrialde guztietako hedabideak daude. Gehien harritu nauena partiduen emisioa pull seinalerako 39 kamerekin egitea da. Horri, baimena duen hedabide bakoitzak bere seinalea pertsonalizatzeko jartzen dituen kamerak gehitu behar zaizkio. Mediasetek sei kamera gehiago jarri ditu ikus-entzuleak xehetasun bat bera ere galdu ez dezan.

 

Teknika aldetik zein zailtasun dauka?

Estudioen koordinazioa da zailena. Telecincoko eta Cuatroko albistegiak egiten gabiltza, eta gauean saio berezia Energyn. Informatibo biak aldi berean dabiltzanean aurkezle batetik bestera hiru metro baino ez daude. Komeriak izaten ditugu audioa ez dadin bata bestearen alboan entzun. Jon, audio teknikaria dabil horretan.

 

Kazetari ugari ibiliko da hortik.

Partidurik ez dagoen egunetan Poloniako iparraldean dagoen Gnewino herrian egoten gara. Espainiako selekzioa hantxe dago.  Prentsa aretoan 200 kazetari baino gehiago daude. Eta hori Espainiako selekzioarentzako bakarrik.

 

Jende ezagun asko ezagutzen zabiltza?

Manu Carreñogaz gaude, crack bat da eta gainera jatorra. Sara Carbonerogaz ere bagaude, eta oso polita izateaz gainera jatorra da eta beragaz oso ondo lan egiten gabiltza.  J.J. Santos eta Mediaseteko jende gehiago ere badago. Jokalariei dagokienean elkarrizketetan bakarrik ikusten ditugu.

 

Nork irabaztea gura duzu?

Ez dizut gezurrik esango, Espainiak irabaztea gura dut, bukaerara arte hemen lanean egoteko modu bakarra delako. Honelako gauza bat ez nuke egun birako izaterik gura. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!