Euskal Asteko egitarauaren barruan, Tabira Musika Bandaren kontzertua antolatu dute. Zapatuan, 19:00etan, kalejiragaz hasiko dira Durangoko Bandako Musikariak, eta Elgoibarko dultzaineroen eta Bergarako erraldoien konpartsak lagunduta jardungo dute. Hiru erraldoi bikote ekarriko dituzte bergararrek Durangora, eta dantzan ariko dira kalerik kale.
Kalejiraren ostean, Durangoko Andra Mariko elizpean eskainiko dute kontzertua. Juan Manuel Saez Etxabek jardungo du emanaldi horretan bandaren zuzendaritza lanetan. Besteak beste, Abandotarra biribilketa edota Aires Vascos nº 2 suitea eskainiko dute.
Victor Olaetaren omenez
Dantzari-dantza obraren estreinaldia egingo dute bihar: Victor Olaeta koreografoaren omenez Iñaki Urkizuk sortutakoa da obra hori.