Gobernu taldeak oposizioa arduragabetzat hartu duela-eta, Bilduk erantzuna plazaratu du.
Durangoko udal aurrekontua onartu barik, alderdien arteko ika-mikak jarraitzen du. Gobernu taldeak oposizioari bota dio egoeraren errua, negoziatzen saiatu dela adieraziz. Hauteskunde autonomikoak gertu daudela eta horregatik oposizioko alderdiek "joku elektoralista" egin dutela kritikatu du Irigoras Alkateak: "Hainbatetan batzartu gara baina ez dute akordiorik lortu gura, gurekin argazkirik atera gura ez dutelako". Baina, Bilduk bestelako iritzia plazaratu du. Herriko buzoi guztietan sartu du, gainera, oharra. "EAJko Udal Gobernuak aurrekontu hauetaz hitz egiteko behin ere ez gaitu deitu, nahiz eta Durangoko bigarren indarra izan. Elkarrizketa eta parte hartzearen aldeko jarreren aurrean, beraien inposaketa politikarekin jarraitzen dute".
Bilduren iritziz, "EAJk urteetan zehar jarraitu duen udal ereduak ez duela funtzionatzen frogatuta dago". Erakunde publikoen eredua aldatzeko sasoia dela gaineratu du koalizio independentistak. Udala herrira hurreratzea gura du Bilduk. Beharrezko proiektuak herritarren parte-hartze barik diseinatzeak ez daukala zentzurik adierazi du.
Aralarrek ere kudeaketaz berba egin du, ekimen politikoa oposizioak hartu beharko duela ohartaraziz.