Zuzenketen eztabaida oraindik ez dutela hasi kritikatu du Pilar Rios zinegotziak. Sozialisten zuzenketen artean daude Antso Estegiz auzoa erreformatzea, Murueta Torren haurtzaindegia egokitzea eta Garai jauregian obrak egin eta kultur etxea jartzea. Zuzenketek, guztira 6 milioiko balioa dute.
Gobernu taldeak aurrekontuen zirriborroa "berandu eta txarto" aurkeztu duela kritikatu du Pilar Rios bozeroaleak: "Enplegu, etxebizitza, gizarte eta kultura arloetan gabezia handiak ditu". Bere alderdiak akordio berrietarako pausoak ez dituela emango argitu du Riosek, "arinago izan ditugun akordioak ez dituztelako bete: "Alkateak, legea urratuta, argi utzi du ez duela aurrekontu berririk gura eta EAJk nahiago duela politika sozio-ekonomiko barik jarraitu".
Sozialistek, euren zuzenketetan, Antso Estegiz Zumardian erreforma integral bat egitea proposatu dute. Erreforman, irisgarritasuna hobetzeko neurriak, espaloi zabalagoak ipini, asfaltoa konpondu eta hoditeria konpontzeko neurriak hartuko lituzkete. Etxebizitza arloan, apartamentu dotazionalak eraikitzea proposatu dute, "gazte eta nagusientzako etxebizitza beharrak asetzeko".
Enplegu politikarako milioi bat euroko diru atala sortzea ere proposatu dute.
Horrez gainera, Murueta Torren haurtzaindegia egokitzeko 600.000 euroko diru atala sortzea proposatu dute sozialistek: "Duela urte bete 618.000 euro inbertitu ziren dorrea berriztatzen eta erabilera barik dago". Garai jauregia, arinago liburutegia zena, kultur etxe bihurtzeko proposamena ere egin dute sozialistek: "Teilatua konpondu berri dago, eta barrukoa erreformatu beharko litzateke eraikina guztiz aprobetxatzeko". Momentu honetan elkarte biren egoitza da Garai jauregia.