Apple Pop musika lehiaketara sailkatzea lortu dutela jakinarazi diote taldeko baxujoleari, entsegu lokalera sartu denean; September Boy izeneko diskoa aurkeztuko dute zuzenean hiru taldekideek Durangoko Sweet & Vicious tabernan, gaur
Zer da Apple Popo lehiaketa?
Cristian Mediavilla: Maketa lehiaketa bat da. Hainbat estilotako taldeek parte hartzen dute bertan.
Ibon Alonso: Villaviciosan (Asturias, Espainia) antolatzen dute. Bertako jaietan jotzea eta 1.000 euro dira sari nagusia. Finalean jarduteko hiru talde aukeratzen dituzte, eta gurea da hautatu dutenetariko bat.
Edgar Gomez: Ia epez kanpo ibili ginen kantak bidaltzeko, baina badirudi zortea izan dugula. Irabaztera joan behar dugu!
Zer aurkeztu duzue lehiaketara?
I.A.: Disko berriko pare bat kanta eta bertsio bat aurkeztu ditugu.
Ohiturarik baduzue lehiaketetara aurkezteko?
I.A.: Azken astean gabiltza lehiaketen inguruko informazioa bilatu eta guztietara aurkezten! Madril, Asturias eta Bilboko lehiaketetara ere aurkeztu ditugu kantak.
Zer ibilbide izan duzue aurretik musikan?
C.M.: Restart taldean jo genuen aurretik elkarrekin.
I.A.: Talde harekin ere Espainiako lehiaketa baten finalera ailegatu ginen eta Madrilen jo genuen.
Zer gertatu zen Restart taldea desegiteko?
I.A.: Bost ginen, baina lan kontuak direla-eta Madrilera joan behar izan zuen batek, eta Los Angelesen dago beste laguna. Udalaren lokal honetan entseguak egiteko aukera geneukanez, September Boy proiektua martxan ipintzera animatu ginen hirurok.
E.G.: Ondo pasatzeko gogoz elkartu ginen berriro, izan ere, Restart taldea deseginda, 2009tik 2011ra egon ginen elkarrekin jo barik.
I.A.: Hiru hilabete eman genituen September Boyren lehenengo kanta egiteko. Lehenengo diskoan batu ditugun beste laurak errazago atera zaizkigu.
Aurreko taldeagaz ez dauka zeikusirik Septeber Boyk?
I.A.: Antzik badauka, baina, aurreko proiektua popera zuzendurikoa zen gehiago.
Kantak zuen webgunean ipini dituzue entzungai, ezta?
I.A.: Bai, gura duenak entzuteko aukera eskaini dugu gure webgunean. Hemendik denbora batera deskarga irekirako aukera ere eman gura dugu.
Zelan hartu du jendeak diskoa?
I.A.: Orain hiru aste inguru zabaldu genuen webgunea, eta 1.400 entzunaldi dauzkagu dagoeneko.
Lokal honetan grabatu dituzue diskoko kantak, ezta?
I.A.: Bai, dena egin dugu hemen eta etxean, eta oso pozik gaude lortu dugun soinuagaz.
E.G.: Ibonek soinu ikasketak egin ditu, eta oso lagungarri izan da hori diskoa grabatzerakoan.
I.A.: Hiruron lana izan da. Oso ondo banatu dugu lana: denok kolaboratu dugu.
Zelan eskuratu ahal da diskoa?
I.A.: Webgunean eskaintzen dugu, batetik; eta kontzertuetan ere ipiniko dugu salgai.
Zer musika duzue gogoko?
C.M.: Kaliforniako punk fresko eta uda girokoa dugu gustoko.
I.A.: 90eko hamarkadan oso modan zeuden amerikanadak gustatzen zaizkigu... Ez gara asko berriztu! (barrez)
Ingelesez kantatzen duzue. Zelako gaiei buruz?
I.A.: Bai, punk rock amerikarra ingelesez ateratzen zaigu.
C.M.: Errazagoa egiten zaigu ingelesez egitea, monosilabo eta hitz laburragoak daudelako ingelesez.
E.G.: Musika mota honek, gainera, ez dauka mezu oso sakon edo poetikorik, eta beraz, hizkuntzarena ez da arazo.
I.A.: Melodiak eta erritmoak gozatzea da musika estilo honen oinarria. Gure kantetako gaiak, neskak, lagunak, jaia, uda, alkohola, estralurtarrak eta abar dira.
E.G.: Reaction kantak bestelako ukitua dauka: sakonagoa.
I.A.: Gerra bizi duten bi lagunen arteko maitasun istorioa da.
Kaliforniako punk rock musika hori entzuten duzue gehien?
I.A.: Bai. Esaterako, 1182 taldearen oso zalea naiz ni. Baina popa, rocka, punka, elektronika... Denak ditut gustoko.
C.M.: Ni nahiko itxia naiz horretan: punk amerikarra eta horren antzekoa den hardcore apur bat entzuten dut. Rocka, orokorrean, oso gustoko dut.
E.G.: Askotariko musika entzuten dut nik...
Baina, Bad Religionen kapela daramazu!
E.G.: Bad Religion umetatik entzun dudan taldea da, baina bestelako doinuak ere gustoko ditut.
Zapatuko kontzerturako zer zabiltzate prestatzen?
I.A.: Denbora daramagu kontzerturako egunero entseguak egiten. Bost kantak eta bertsio bereziak joko ditugu: kanta ezagunak punk estiloan.