Hip-hop eszenako hamahiru talde batuko dira zapatuan Plateruenan; Omzo MF eta Itsua ezizeneko musikariek antolatu eta aurkeztu dute ekimena.
Nondik sortu da zapatuko jaialdiaren ideia?
Omzo MF: Gure erokeriatxoetako bat izan da. Jaialdiaren Aftitud izenak adierazten duenaren haritik gura izan dugu antolatu jaialdia. Jarrera bat bultzatu gura izan dugu: eragiten diguten arazoetan afrikarrok inplikatu gaitezen bultzatu gura dugu.
Itsua: Hona emigratu duen jendeari ikusarazi gura diogu hemendik euren herrialdeetako jendearen alde ere egin dezakegula. Beharrezkoa ikusten dugu afrikarren arteko elkartasuna.
Somaliara bideratuko duzue jaialdian batutako dirua.
Omzo MF: Ni Senegalgoa naiz, eta han ere arazo mordoa daukagu. Baina bai, lehenengo jaialdi honetan batutako dirua Somaliara bidaltzea erabaki dugu. Urgentzia gehien duten lekua dela uste dugulako aukeratu dugu.
Itsua: Acción Contra el Hambre GKEari emango diogu zapatuan batuko dugun dirua. Kontzertuen aurretik, hain zuzen, GKE horretako ordezkari batek azalduko du Somalian zer egoeratan dauden.
Zelan elkartu duzue jendea?
Itsua: Han eta hemengo jende asko elkartzea lortu dugu, eta elkarrekin gozatzea da jaialdiaren beste helburuetako bat. Ez dugu planteatu kontzertua talde bakoitzak bere burua luzitzeko. 20 minutuko tartean joko du talde bakoitzak. Datozen talde guztiak dira lagunak edo lagunen lagunak. Ekuador, Kolonbia, Senegal, Ginea, Mauritania, Angola, Euskal Herria eta Espainiako hip-hop egileek hartuko dute parte Platerueneko jaialdian.
Aurkeztu jaialdian parte hartuko duten taldeak...
Itsua: Bii Boor Black eta Omzo MF hemen bizi diren senegaldarrak dira; Durango, Berriz eta Ondarroakoak Los Sucios eta DIBeko kideak; gasteiztarrak dira Indarrap eta Clan The Warriorz; Gineakoa da Moktar; latindarrak eta afrikarrak elkartzen dira La Sello Conexion taldean; Angolakoa da Betto Snay... Nazioartean esangura duen taldea, Pachamama Crew ere etorriko da Durangora; eta ni eta nire anaia, Cayado Bros ere ariko gara.
Jende gehiagok ere hartuko du parte, dj eta aurkezle.
Itsua: Bai, dj lanetan Sabio santurtziarrak, Jackiek eta neuk jardungo dugu; eta Colomboyk aurkeztuko du jaialdia. Kontzertuaren ostean, gainera, mikroa zabalik utziko dugu parte hartu gura duenarentzat. Gaua borobiltzeko, funky eta soul musikaren saio bat ere izango dugu.
Lan handia izan da jende hori guztia elkartzea?
Omzo MF: Jaialdi txikiagoa izango zela uste genuen, baina handitzen joan da. Oso pozik gaude.
Hip-hopa ezagutaraztea ere bada jaialdiaren helburu?
Itsua: Bai, eta esango nuke gizarte zerbitzua egiten dugula jaialdiagaz, gainera. Batetik, hau gustatzen zaion jendeari begira; bestetik, ezagutzen ez duenari eta mundu honetara gerturatu gura duenari. Hip-hoparen aitzakiagaz, beste kultura batzuk ere gerturatzen diegu entzuleei.
Omzo MF: Guztiz sinbolikoa da bost euroko sarrerarena. Aftitud jaialdi hau lehenengoz abiatuta bilatzen duguna da hemendik musikagaz lotutako beste proiektu batzuk martxan jarri ahal izatea. Gure errealitateaz egiten dugu berba gure kantetan, eta kanta guztietan aldarrikatzen dugu aurrera egiteko indarraren beharra, afikarrok geure bidetik aurrera egiteko beharra.
Itsua durangarrak (Arkaitz Cayado) kudeatzen du Beatsalad ekoiztetxea, eta hor grabatu eta nahastu dute Itsua berak eta Omzo MF senegaldarrak (IZEN ABIZEN) azken diskoa elkarlanean. Uda osterako gura dute prest eduki. Disko hori eta Aftitud jaialdia legez, beste hainbat proiektu ere badarabiltzate durangarrak eta senegaldarrak buruan, eta beti dute gogoan honakoa: “Bihotzetik ateratakoa beste bihotz batera ailegatzen dela”. MC-ak
Itsuaren eta Omzo MF-ren elkarlanaren fruituak
Dj-ak
Itsua, Sabio
eta Jackue
Bii Boor Black Los Sucios, Indarrap, La Sello Conexion, 2B aka Gunflow, Betto Sany, Omzo MF, 5JC & Pana (Pachamama Crew), Cayado Bros.