Gran Hotel Durangon egin zuten atzo Begira argazki jaialdiaren bigarren edizioaren aurkezpena. Leo Simoes jaialdiaren koordinatzaileak eta Andoni Iruarrizaga zinegotziak eman zituzten azalpenak. Jaialdiaren hainbat babesle ere bertaratu ziren aurkezpenera.
Gaur inauguratuko dute jaialdiaren barruko lehenengo erakusketa, Durangoko Arte eta Historia Museoan: Federico Clavarino italiarraren Ukraina Passport.
Bigarren erakusketa bat zabalduko dute, bestalde, ekainaren 4an: Granadako El Trapiche kolektiboko bost sortzaileren lana batuko dute jaialdiko gune berri batean, Art Leku galerian.
Gutxinaka inauguratzen joango diren bost erakusketa ekarriko ditu gaur hasi eta sei astetan Begira argazki jaialdiak. Argazki sorkuntza garaikidearen hainbat adibide izango ditugu Begiran ikusgai: "Pribilegioa da honelako ekintza bat aukeran izatea Durangon", azpimarratu zuen Simoes koordinatzaileak. "Iazkoa edizio apalagoa izan zen, baina aurten pausu garrantzitsua emango dugu eduki artistikoari dagokionez", esan zuen jaialdiaren koordinatzaileak.
Ikusleekin interakzioa
Erakusketez gainera, baina, ikusleen eta egileen arteko interakzioa bultzatzeko bestelako ekimenak ere antolatu dituzte: konferentziak, kasurako. Hiru konferentzia burutuko dituzte Durangoko Udal Liburutegian. Adrian Tyler argazkilariak eskainiko du ekainaren 14an, lehenengoan.
Formazioari ere egin diote jaialdian lekua, baina. Oscar Molinak zuzenduko du Detrás de la cámara tailerra. Sorkuntza prozesuaren faseak landuko dituzte ekainaren 16 eta 17an. Jaialdiaren www.begiraphoto.com helbidean eman daiteke tailerrean parte hartzeko izena, eta bertan dago ekimenari buruzko informazio gehiago ere.