Maria Bazan judoka, Euskadiko txapeldun

Anboto 2012ko eka. 1a, 08:12

Duela bi aste, durangarrak bosgarren postua lortu zuen Espainiako txapelketan

Duela bi aste, durangarrak bosgarren postua lortu zuen Espainiako txapelketan.

 

Maria Bazan judoka durangarrak maila bikaina erakutsi du azken bi asteetan. Duela hamabost egun jokatutako Espainiako txapelketan bosgarren postuan geratu zen. Finalerdietara arte borrokaldi guztiak irabazi zituen, baina ezin izan zuen finalera pasatu. Durango Judo taldeko arduradunek diote kontzentrazio falta igarri zuela, kanporaketari itxaroten egon beharragatik. Hala ere, durangar batek Espainiako txapelketan inoiz lortutako marka onena da Bazanena. Joan zen astean ospatutako Euskadikoan, ostera, txapela jantzi zuen.

 

Durango Judo, goraka

Eneko Diez ere dominagaz bueltatu zen Eibarren (Gipuzkoa) jokatutako Euskadiko txapelketatik. Bigarren sailkatuta, zilarrezko domina jantzi zuen. Durango Judo taldekoek diote maila altuko lehia izan zela, eta Diezek Euskadiko elite horretan parte hartu dezakeela aurrerantzean ere. Taldea, orokorrean, goraka doala uste dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!