Ekainaren 1ean Durangoko Plateruenean eskainiko du Berri Txarrak taldeak kontzertua. Andaluziatik eta Valentziatik bueltan, Lekunberritik erantzun ditu galderak Gorka Urbizu abeslari eta gitarrajoleak.
Erritmo oso bizian zabiltzate batetik bestera bira hasi zenutenetik. Zelakoa izaten ari da Haria diskoaren aurkezpen bira?
Bikaina, jendeak oso ondo hartu du disko berria eta horrek asko betetzen gaitu. Euskal Herrian zein Estatu mailan harrera oso ona izaten ari da eta hilaren 18an diskoa Europa osoan kaleratu dute.
Bira non dago orain?
Oraintxe etxean, Lekunberrin; astelehenean bueltatu ginen Andaluzia eta Valentziatik.
Asteburuan kontzerturik?
Asteburu honetan Valladoliden eta Elizondon gara jotzekoak.
Orain arteko kontzertuetatik bereziki gogoratzen duzunik?
Bartzelonako eta Madrilgo aurkezpenak oso-oso hunkigarriak izan ziren, sarrerak agortuta eta magia berezia lortzen duzun gau horietakoak. Londreseko bi gauak ere gogoangarriak izan ziren, horietako batean Cancer Bats talde kanadiarra ezagutu genuen eta harreman polita sortu da.
Noiz arte dauzkazue zuzenekoak lotuta?
Momentuz uda bitartekoak dauzkagu lotuta, baina uda ondoren ziurrenik Europan zehar bira luze bat egingo dugu eta han-hemenka jotzen jarraituko dugu, Haria lau haizetara zabalduz.
Ilusio bereziagaz itxaroten duzuen kontzerturen bat?
Hurrengoaren zain egoten gara beti. Kontzertu bakoitza ezberdina da eta zirrara horrek ematen dizu aurrera egiteko grina. Kontzertu bakoitzak badu bere saltsa, eta maite dugu hori.
Durangorako sarrera asko saldu dituzte dagoeneko. Diskoa aurkeztu duzuen beste kontzertuetan ere halako harrera beroa egin dizue publikoak?
Harritzekoa da jendearen harrera horrenbeste urteren ondoren, beti egongo gara zorretan gure zalegoarekin.
Zelako kontzertua izango da Durangokoa? Zer kanta zerrenda prestatu duzue?
Kantuen zerrenda taula gainera igo baino ordubete lehenago atontzen dugu, beraz ezin jakin. Energia trukea egon dadila, hori da beti garrantzitsuena.
Aurreko disko aurkezpen kontzertuetatik zerk bereizten ditu Haria diskoaren birakoek?
Atrezzoa pittin bat aldatu dugu, nahiz inoiz ez diogun itxurari garrantzia berezirik eman. Galder dago baterian, eta Hariakoak gehitzearekin batera, beste kantu batzuk ere berreskuratu ditugu.
Zelan funtzionatzen dute kantek?
Bikain. Dagoeneko 30 bat emanaldi egin ditugu bira honekin, eta disko berriko kantuak oso ondo hartu ditu jendeak, batzuk dagoeneko ezinbesteko direla esango nuke: Albo-Kalteak, FAQ, Makuluak...
Zer ezaugarri dauzkate kantek?
Betiko Berri Txarraken emozioa eta indarraren arteko nahasketa mantenduagatik, bide berriak urratu ditugu. Melodiek beste sakonera bat dute, eta hitzetan ere bada zer aztertua: aurrera egiteko sena aldarrikatzen dute, aurreko diskoaren iluntasunetik aldentze moduko bat.
1994an Lekunberrin sortutako talde nafarraren zazpigarren diskoko pare bat kanta Gorka Urbizuk bakarka eskaini zituen Platerueneko Kantuaren Kantoia zikloan, 2011 urte amaieran. Zuzeneko horren oroitzapenei buruz, honakoa esan du: “Sano urduri negoen, halakoetan zure ohiko jardunetik kanpo baitzaude, baina oso ondo pasa nuen”.
Kafe antzokiko ekimen hura goraipatu egin du musikariak: “Sentitzen nuen jendea adi zegoela eta hizketaldi atsegina izan zela uste dut. Bonboa eramatera animatu nintzen eta komeriak izan nituen, baina oroitzapen ona daukat: ekimen txalogarria da”.
Ross Robinson ekoizlearekin, Veniceko estudioan, 50 egunetan grabatu zuten taldearen zazpigarren diskoa, Haria izenekoa. Musika kritikarien lore asko eta entzuleen harrera beroa jaso ditu urte amaieratik azken hilabeteotan Berri Txarraken taldearen lan berrienak.
Biraren abiaduran sorkuntzarako astia ateratzea zaila izaten den arren, koadernoa eta grabagailua “badaezpada ere beti prest” edukitzen ditu Gorka Urbizuk: “Diskoak bere bidea egin behar du, eta guk sormen aldetik arnasa hartu: musika berria entzun... Bere denbora behar du proiektu bakoitzak eta ez da komeni hori behartzea”. |