Gazteen mailan, Tabirako Baqueko nesken taldeak ezin izan du final zortzirenetarako sailkatu Espainiako Txapelketan. Hala ere, klubeko ordezkariak “oso harro” daude gazteek erakutsi duten jarreragaz: “Ikasgaiak eman dituzte kantxa barruan zein handik kanpora”.
Euskadiko Txapelketan txapeldunorde geratu ondoren, Zaragozan Espainiakoan parte hartzeko eskubidea lortu zuten. Hantxe egon dira aste osoan. Hasierako faseko zozketan zorte txarra izan zuten eta, besteak beste, iazko txapeldun Caja Canariasen kontra jokatzea egokitu zitzaien.
Klubeko ordezkariek onartzen dutenez “emaitza ez da ona izan, baina harmailetatik norbait beren beregi etortzen zaizunean egindako lanagatik zoriontzera, keinu hori edozein emaitza baino garrantzitsuagoa da guretzat”.
Era berean, Durangaldetik Zaragozara joan ziren “tabihooligans” guztiei esker onak eman nahi izan dizkie klubak: “Eskerrik asko txapelketaren aurretik eta ondoren emandako animoengatik. Guretzako oso garrantzitsuak izan zarete”.