Irabaztera behartuta eta matematika kalkuluen zain

Anboto 2012ko mai. 19a, 08:36

Tabirako Baque beste emaitzen menpe dago maila ez galtzeko

Tabirako Baque beste emaitzen menpe dago maila ez galtzeko.

 

Jaitsiera faseko azkenengo jardunaldira etxeko lanak egin barik heldu da Tabirako Baque saskibaloi taldea eta maila galtzeko arrisku handia du. Lehen mailan geratzeko gauza bi gertatu behar dira: Tabirakok La Alcoholera azkenengo sailkatuaren kontra irabazi behar du, eta Biok Zerbitzuak taldeak Lizuan.com taldearen kontra galdu. Azken talde bi horiek gipuzkoarrak direnez, mesede disimulatu baten arriskua ere hor dago.

 

Harrigarria da Tabirakoren eta Biok Zerbitzuaken artean dagoen parekotasuna. Ez litzateke harritzekoa durangarrek azken sailkatua menderatzea eta gipuzkoarrak liderraren kontra galtzea. Modu horretara, garaipen kopuruan berdinduta, elkarren kontrako partiduek hartuko lukete garrantzia, baina arlo horretan ere berdinduta daude: bakoitzak garaipen bana du eta alde berdinagaz irabazita (10 puntuko aldea). Beraz, liga osoan sartu eta jaso dituzten puntuetan dagoen aldeak erabaki dezake jaitsiera. Datu horretan ere ia berdinduta daude: Tabirakok aldeko 29 puntu ditu eta Gipuzkoako taldeak 30. Beraz, Tabirakorentzako nahikoa da puntu bateko aldeagaz irabaztea, Biok Zerbitzuakek bere partidua galtzen badu.

 

Asteburuko partidu guztiak egun eta ordu berean jokatuko dituzte: gaur, 18:00etan. Horrela, inork ez du abantailagaz jokatuko. Tabirakoren partidua amaitzean, jokalariek eta klubeko ordezkariek Federazioaren webgunean ipiniko dute arreta osoa Biok Zerbiztuaken emaitzaren zain.

 

Gazte taldekoekin jokatzen

Tabirakok liga hasi zenetik izan ditu arazoak. Jokalari batzuk ez dira beti erabilgarri egon (lesioak, lan arloko konpromisoak…), eta gazteen taldetik jokalariak igo behar izan ditu Alberto Alonso entrenatzaileak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!