Hamazazpi elkarteren parte hartzeagaz osatu dute Euskal Astearen egitaraua

Anboto 2012ko mai. 16a, 13:05

Asteburu honetan izango dira Euskal Astearen egitarauaren lehenengo hitzorduak, eta ekainaren 16ra arte askotariko emanaldiak eskainiko ditu. Durangoko 17 elkartek eta udalak hartu dute antolakuntzan parte

Asteburu honetan izango dira Euskal Astearen egitarauaren lehenengo hitzorduak, eta ekainaren 16ra arte askotariko emanaldiak eskainiko ditu. Durangoko 17 elkartek eta udalak hartu dute antolakuntzan parte.

 

Hainbat elkartetako eta udaleko ordezkariak batu ziren atzo Durangoko udaletxean egin zuten Euskal Astearen aurkezpenean. Hain zuzen, elkarte horien lana eskertuz zabaldu zuen Andoni Iruarrizaga zinegotziak agerraldia: "Jende askoren ahaleginari esker gauza daiteke Euskal Astearen egitaraua".

 

Orain hogeita hamar urtetik egiten duten bezala, Euskal Dantzen jaialdia ekarriko dute Tronperri dantza taldekoek Euskal Astera. Alberto Izagirre taldekideak azaldu zuenez, "gure folklorearen aberastasunaren" erakusle izango dira dantza emanaldi horiek. Muskildi, Lantziego, Arrasate eta Agoitzko dantza taldeak gonbidatu dituzte Durangora. Maiatzaren 19an eta 20an,12:40ean, Andra Mariko elizpean izango dira emanaldiak.

 

\"\"

 

Dantzari dagokionez baita, eta San Agustin kulturgunean gonbidatuta, Aukeran dantza taldearen Burnia obra ikusteko aukera ere eskainiko du Euskal Asteak. Ekainaren 8an, 22:00etan izango da, San Agustinen, emanaldia.

 

Euskal Astearen egitarauaren barruan eskainiko du Gerediaga elkarteak, bigarren urtez, Dantzaroa. Ester Sotok azaldu duenez, "emakumeen dantzei bultzada bat emateko helburuz" hasi zen Gerediaga elkartea orain lau urte ekimen hau antolatzen. Durangoko Alde Zaharretik kalejira egingo dute, eta 200 dantzarik parte hartuko duten ekitaldia egingo dute, ekainaren 9an, 19:00etan, Ezkurdin.

 

Silboberri txistu elkarteko Maribel Roldanek eman du aurkezpenean, ekainaren 2ko txistu kontzertuaren berri. Elkarte horrek antolatzen duen konposizio lehiaketaren iazko edizioa irabazi zuten obrak estreinatuko dituzte, 20:00etan, San Agustin kulturgunean. Txisturako sorkuntza garaikideak, eta herri musika izango dira emanaldi horretan entzungai: Gasteizko udal folklore akademia gonbidatu dute emanaldira.

 

Ume eta gaztetxoei begira antolatu dituzte Euskal Asteko beste hainbat ekitaldi: Julene Azpeitia literatur lehaiketaren sari banaketa, umeen euskal joku tradizionalak, umeentzako zinea, eta artzainen jolasak izango dira, besteak beste. Carmen Soldevillak aurkeztu du bestalde, Durangaldeko Artisten elkarteak antolatu duen eskolarteko pintura lehiaketa: "Iaz 820 umek hartu zuten lehiaketan parte".

 

Alex Txikon-en Next time Inshallah dokumentalaren emanaldia antolatu du Alpino Tabira Mendizale taldeak, ekainaren 6rako. Kiroletan, 18 urtetik gorako afizionatu mailako zesta punta txapelketa, eta dagoeneko jokoan dagoen III. Peter Memoriala antolatu ditu Durangoko pilotazale elkarteak.

 

Atzoko aurkezpenean Fernan Ruiz Udaleko euskara saileko ordezkariak azaldu zuenez, Euskal Herriko Ahotsak proiektuagaz bat egin, eta Durangoko "euskararen ahozko hondarea bildu, digitalizatu, eta internetean eskuragai ipini du udalak". Laurogehi urtetik gorakoen hizkera jaso dute, eta ekimenaren aurkezpena egingo dute, ekainaren 9an, 12:00etan, San Agustin kulturgunean.

 

Ekainaren 16ra arteko egitarau zabala dakar Euskal Asteak. Egun horretan, Tabira Musika Bandaren, Elgoibarko dultzaineroen eta Bergarako erraldoien kalejiragaz eta kontzertuagaz emango dute egitaraua amaitutzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!