Iurretako Bren kontrako derbian, Ezkurdik 82. minutuan sartu zuen igoera segurtatzen zion gola.
Izerdi hotza botata lortu du Ezkurdik Bigarren erregionalerako igoera. Salesianos taldeak (igoerarako arerio nagusia) atsedena hartzen zuen azken jardunaldian eta Ezkurdik bazekien derbia irabaziz gero, igoera eurena zela. Mentalitate horrekin zelairatu ziren eta hainbat aukera izan zituzten, “baina Iurretako Bren atezainak dena geratu zuen”, gogoratu du Iñigo Larrañaga entrenatzaileak. Husnakoarekin heldu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian Ezkurdiren erauntsia areagotu egin zen Iurretako B hamar jokalarigaz geratu zelako. Hala ere, minutuak aurrera zihoazen eta gola ez zen heltzen. Azkenean, ekinaren ekinez, Miguel Bertolek sartu zuen garaipenaren gola 82. minutuan eta poza nagusitu zen jokalarien eta Larrakaozelaira hurreratu ziren zale denen artean. Iurretako Bk aldeko korner bat ere izan zuen luzapenean sufrimendua azken segundoraino luzatuz. Epaileak partidua amaitutzat eman zuenean zelaian bertan lehertu zen festa.
Klubaren historiako lehenengo igoera eskuratu berri zuen Ezkurdik eta ospakizuna araberakoa izan zen jokalarien eta zaleen aldetik: txanpana, ‘manteoa’… Jaia Durangoko kaleetara tokialdatu zuten iluntzean.
Helburua bete dute
Denboraldi hasieran igotzea zuten helburu: “Gauza bat da helburu moduan ipintzea eta beste bat lortzea. Denboraldiko zatirik handiena igoera postuetan eman dugu eta merezitako igoera lortu dugula uste dut”. Mentalizazioan egon da gakoa: “Taldea ez zegoen irabaztera ohituta eta nire lana (aurten izan du lehen denboraldia Ezkurdin) ‘ahal dugu’ mezua barneratzea izan da. Taldean intentsitatea ezartzen ere saiatu naiz. Ez dugu beti lortu eta alde horretatik badugu zer hobetua, baina oro har, lan oso ona egin dugu”, azaldu du Larrañagak.
Hirugarren erregionalean golik gutxien jaso duen taldea izan dira Betolatza eta Iurretako Bren atzetik. Aurrean, aldiz, azpimarragarria da Xabier Bilbaoren eta Eneko Uriberen ekarpena, 14 eta 11 golekin, hurrenez hurren.
Nabarmentzeko da, era berean, azken partidu erabakigarri biak derbiak izan direla. Orain aste bi etxean 3-2 irabazi zieten Berriz Bri.
Datorren urtera begira, “oinarria mantenduko dugu, baina taldea sendotzen ere saiatuko gara, Bigarren erregionala maila gogorragoa delako”.
Aurten Iurretako eta Abadiño taldeek ere igoera lortu dute.