Bi arlo horietako ikerlariak eta profesionalak gonbidatu dituzte jardunaldien barruko hiru hitzaldiak emateko.
Besteak beste, animaliak lehenengoz etxeratu eta hezi ziren aroa da Neolitikoa. Hori izango da Durangoko Arkeologia eta Historia jardunaldien aurtengo gaia. Atzo abiatu zituzten jardunaldiok: Nekazariek eta abeltzainek osatutako lehen gizarteak. Neolitizazio-prozesua.
Garai horretan hasi zen gizarte antolakuntza sedentarioa ezartzen, eta hainbat aldaketak eragin zuten, besteak beste, zeramikaren eta beste eskulangintza batzuen garapena. Testuinguru horri guztiari buruz jardun zuen EHUko Alfonso Alday irakasleak, atzo, jardunaldien lehenengo hitzaldian.
Arloko ikertzaile eta profesionalek, eta unibertsitateko irakasleek eskainiko dituzte zikloaren barruko beste bi berbaldiak ere.
Datorren eguenean, maiatzaren 17an izango da bigarren hitzaldia, eta Nekazaritzaren sorrera Euskal Herrian gaiaren bueltan jardungo du Lydia Zapata Peña irakasleak. Azken hamarkada bietako ikerketa arkeologikoak hartuko ditu oinarri Euskal Herriko nekazaritzaren hastapenei buruz berba egiteko.
Maiatzaren 24an emango dute zikloa amaitutzat. Juan Carlos Lopez Quintana arkeologoak, Monumentos megalíticos y paisaje de montaña del Gorbea entre 5000 y 3000 años antes del presente: recientes investigaciones izenburuko hitzaldia eskainiko du egun horretan.
Durangoko Arte eta Historia Museoan, 19:00etan izango dira Arkeologia eta Historia jardunaldiaren saio guztiak.