Ezkurdiko kioskoak 110 urte bete dituela ospatuko dute

Anboto 2012ko mai. 10a, 08:50

Durangoko musikarien piezak joko ditu Durangoko Bandak zapatuan, Ezkurdiko kioskoan eskainiko duen kontzertuan; Iñaki Uriarte arkitektoak berbaldia eskainiko du gaur

Durangoko musikarien piezak joko ditu Durangoko Bandak zapatuan, Ezkurdiko kioskoan eskainiko duen kontzertuan; Iñaki Uriarte arkitektoak berbaldia eskainiko du gaur.

 \"\"

 

Herriko konposatzaileen obrak eskainiko ditu zapatuan, 20:00etan, Ezkurdiko kioskoan Durangoko Bandak. Bartolome Ertzillaren 1890eko La prensa, eta Durangaldeko beste hainbat sortzaileren obrak interpretatuko dituzte.

 

Durangoko Bandaren zuzendariak izan ziren Victor de Olaeta eta Cristobal Marin, eta horien Minuét de los caballeritos de Azkoitia eta Parque de Ezkurdi obrak ere joko dituzte. Era berean, Eusebio Bilbao Durangoko akordeonistaren Capa y espada ere eskainiko dute, Andres Granadosek bandarentzako moldatuta.

 

Andres Granadosek berak zuzenduko du musika banda. Hamar urterekin hasi zen Granados Durangoko bandan, eta Bilbokoan dihardu orain. Granadosek azaldu duenez, urte hasieran Bartolome Ertzillaren partitura bat aurkitu zuten musika eskolako artxiboan, eta horrela konturatu ziren Ezkurdiko kioskoa duela 110 urte eraiki zutela.
Musika banda bi zeuden Durangon  XIX. mendean, bakoitza joera politiko batekoa. Granadosek azaldu duenez, 1900ean elkartu egin ziren banda horiek biak, eta euren eskariz eraiki zuten 1902an kioskoa. Hamabost musikarik osatzen zuten XX. mende hasierako urte haietan Durangoko musika banda. 

 

 

Hitzaldia, gaur, kioskoari buruz

Hamazortzi urtekoak dira Durangoko Bandako kide gazteenak gaur egun, baina badago taldean 60 urte daramatzan musikari bat ere: Manuel Parada. Emakumeak dira Durangoko bandako 55 kideetako asko, orain.

 

Ezkurdiko kioskoaren 110. urteurreneko lehenengo ekitaldia gaur izango da: Iñaki Uriarte arkitekto bilbotarrak berbaldia eskainiko du, Jesuitetako Arrue Aretoan 20:00etan: Una arquitectura para la musica: un quiosco. Euskal Herriko musika kioskoen inguruko bere lana aurkeztuko du Uriartek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!