"Gazteen unibertso kreatiboa" agerian, Zugan Ni Egunean

Anboto 2012ko mai. 3a, 14:14

Maiatzaren 5ean Durangon eta 12an Zornotzan burutuko dituzte Zugan Ni Egunak. Iurreta, Durango eta Zornotzako udal ordezkariek eta Markeliñe antzerki taldeko Joserra Martinezek aurkeztu dute ekimena

Maiatzaren 5ean Durangon eta 12an Zornotzan burutuko dituzte Zugan Ni Egunak. Iurreta, Durango eta Zornotzako udal ordezkariek eta Markeliñe antzerki taldeko Joserra Martinezek aurkeztu zuten ekimena, atzo.

 


Etzi, San Agustin antzokia izango da Durangoko Zugan Ni Egunaren kokaleku nagusia, baina kalean ere ikusaraziko dute gazteen lana. 12:00etan hasita, hainbat ekintza eta musika emanaldi egongo dira, eta Barrenkalen kale antzerkia eskainiko dute Jesuitak ikastetxekoek. Elkarrekin bazkaldu, eta arratsaldez antzokiko oholtzan ariko dira aktore gazteak. Zortzi obra izango dira San Agustien ikusgai, 17:00etan hasita.

 


Markeliñe antzerki taldeak kudeatzen du orain bost urtetik Zugan Ni ekimena. Markeliñeko Joserra Martinezen esanetan, “gazteen unibertso kreatiboa” zabalduko dute emanaldiotan. Iurreta, Durango, Zornotza, Igorre eta Elorrioko gazteek ikasturte honetan sorturiko lanak kalera aterako dituzte Durangon. Guztira, ehun gazte aritu dira Zugan Ni proiektuan, aurten: hamalau eta hamazortzi urte artekoak.

 


Antzezlanen sorkuntza prozesu osoa gazteek eurek burutu dezatela bultzatzen du Zugan Ni antolatzen duen Markeliñek. Horrela, gidoia idaztea euren lana izan da, jantziak edota eszenografia pentsatu eta prestatzea ere bai, baita argiak eta soinua lantzea ere.

 


Bihar, Durangoko emanaldietako dituzten lanek, oinarri edo abiapuntu modura, ‘krisia’  izango dute. Antzezlanetako batzuk, beste herri batzuetan ere ikusi ahalko dira: Iurretako kultur etxean, bihar; maiatzaren 8an, Elorrion; eta maiatzaren 10ean Igorren.

 


Antzerkia da ekimenaren ardatza, baina, musikak ere izango du San Agustinen tokirik: Durangoko musika eskolako txelo-jotzaile gazteen taldeak joko du antzezlanen arteko tarteetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!