Portugalgo Pousos herriko SAMP Arte Eskolaren zuzendaria da Paulo Lameiro. Urtebete arteko umetxoentzako eta musika irakasleentzako tailerra eskainiko du Durangoko Musika Eskolan.
Asteburu honetan Bilbora eta Durangora zatoz. Zelako emanaldiak izango dira?
Emanaldi guztiz desberdinak izango dira Bilbokoa eta Durangokoa. Bilboko Orkestra Sinfonikoak gonbidatuta, Euskalduna Jauregian egingo duguna umeentzako kontzertu bat izango da. Bigarren aldia da hau Bilbora goazena. Prokófiev, Messiaen eta Stravinsky konposatzaileen lanak hartuko ditugu oraingoan oinarritzat, XX. mendean sorturiko doinuak. Durangon egingo duguna, tailer bat izango da. Musika irakasleak umeekin egin daitekeen lanaz kontzientziatzeko helburuagaz jardungo dugu.
Zer doinu eskainiko dituzue?
Musika klasikoa da proiektuaren oinarria, baina jazz musika, inprobisazioa eta musika tradizionala ere asko jotzen dugu. Umeei eskaini ahal diegun gauzarik txarrena umeentzako musika deitzen da, gure ustez, eta beti gogoan izaten dugu hori. Musika garaikideagoagaz jardungo dugu Bilboko emanaldi honetan.
Zelakoak izaten dira kontzertuak?
Eszenatokian publikoa ere egoten da. Ez dago palkorik edo jesarlekurik. Musikariak erdian ipintzen dira, eta euren inguruko koltxonetetan jesartzen dira gurasoak eta umeak. Kontzertua hasi aurretik oso oinarrizko arauak ematen dizkiegu: “Ez ditugu umeak txalo jotzen ipiniko, eta inor ez da hasiko umeei ezelako azalpenik ematen, konforme?”, esaten diegu. Ikasten umeak dira espezialista handienak, guk baino ahalmen askoz handiagoa daukate gauza berriak ulertzeko. Helduok oso gaitasun murritza dugu umeei ezer erakusteko.
Umetxoentzako kontzertuaz gainera, berbaldia ere eskainiko duzu Durangon.
Bai. Hamabi hilabete arteko umetxoekin egingo dugu tailerra, eta hitzaldia eskainiko dut, gero. Gure lanaren oinarri teorikoez, eta neuk eta ni bezalako profesionalek dauzkagun zalantzez ere jardungo dut.
Egunerokoan ere egiten duzu lan hain ume txikiekin, ala zerbait puntuala da?
Haurdun dauden emakumeekin hasten gara lanean gure musika eskolan. Zero eta bost urte arteko ehundaka ikasle dauzkagu, eta egunero ematen ditugu umetxoekin eskolak. Musika, antzerkia eta dantza uztartzen ditugu. Gure ikasleen %50ek baino gehiagok bost urte baino gutxiago dauzka, eta hogei urte daramagu kontserbatorioan umetxoekin lan egiten.
Zelan erantzuten dute umetxoek kontzertu horietan? Eta gurasoek?
Umeak oso ohituta daude euren bizitzetan aukikuntza inportanteak egitera. Sei hilabeteko umetxo bat 45 minutuz aho-zabalik musika oso landua entzuten egon daiteke, eta gurasoak ohartu egiten dira. Euren umetxoak uste zutena baino konplexuagoak direla konturatzen dira gurasoak.
Adi eta geldi egoten dira umeak?
Begiak eta ahoak zabal-zabalik egoten dira umetxoak, bai, gozamena izaten da eurentzat. Batzuetan, mugimendurako bultzada izaten da musika, oinez edo katamarka ikasten dabiltzan umeentzat: musikariongana hurreratzen dira, instrumentuak ukitzen dituzte, dantza egin gura dute... Eta libre egiten dute hori guztia. Musika ez dela CD distiratsuetan, autoetako irratietan edo kutxa beltz batzuetan jaiotzen ikasten dute gure tailer hauetan umeek: musika zerbait bizia, arnasa hartzen duten pertsonek sortzen dutena dela ikasten dute.
Zelan hasi zinen honetan?
Hainbat faktoreren eraginez hasi nintzen umeekin lan egiten. Edwin Gordon AEBetako ikerlariaren lanak bultzatu nau zentzu batean alor honetan aurrera egiteko erabakia hartzera. Musikaren hezkuntzako teorialaria da Gordon, eta berak defendatzen duenez, jaiotzen garenekoa da gizakiok musikarako trebetasun gehien daukagun momentua. Hein batean berak inspiratuta sortu genuen eskola.
Helduek ere gustoko duten musika jotzea da gakoa
Umea magalean daukan amak kontzertuko musika ez badu sentitzen, ez bazaio gustatzen, igarri egiten du umeak: amaren arnasa hartzeko edo umea eusteko moduak transmititzen dio hori guztia umeari, Lameirok baieztatzen duenez. Horregatik, helduek ere gustoko izango duten musika egiten dute Musicalmente izeneko saioetan. Umetxoak sumatu egiten baitu ama emozionatzen den edo ez. “Umetxoak ez dira etorkizuneko publikoa”, diosku Paulo Lameirok, “jaiotzatik dira entzule”. Oso publiko zorrotza, gainera, musikologo portugaldarrak dioenez: “Ume batentzat jotzean ez baduzu ezer interesekorik eskaintzen, negarrez, mugitzen edo zarataka hasiko da”. Umeak musika eskoletara berandu ailegatzen direla uste du Paulo Lameirok. Bere ustez, oso garrantzitsua da dantza, antzerkia eta musika jaiotzatik lantzea, eta helduak umeek gauza berriak ulertu eta ikasteko duten gaitasunaz ohartzea |