Dantzaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta egun osorako egitaraua izango dute Durangon.
Durangoko zazpi gune izango dira dantzarientzako oholtza. Udaletxean, Sanagustinalden, Plateruenean, Ezkurdin, Andra Marian eta Goienkalen jardungo dute, 11:30ean hasi eta 22:00etara arteko programazioan.
Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko hainbat emanaldi antolatu dituzte gaurko. Durangoko L’atelier dantza eskolakoek hartu dute egun osorako egitaraua antolatzeko ardura.
Dantza eskolako txikien Flashmob bategaz abiatuko dute eguna: udaletxeko plazan batuko dira, 11:30ean, ekintza jendetsua egiteko asmoagaz. Goizeko gainontzeko emanaldiak, Sanagustinalden izango dira: barra handian zein txikian jardungo dute L’atelier-eko balleteko kideek.
Musikariekin eta abeslariekin
Plateruenean bazkalduko dute eguerdian dantzariek, senideek eta lagunek. Arratsaldean, era askotako dantzaldiak eskainiko dituzte. Jada iluntzean, Bartolome Ertzilla musika eskolako abesbatzak eta Bogoroditsie abesbatzak lagunduta jardungo dute eskolako dantzariek, 20:00etan, Andra Marian. Leku beretik abiatuko dute pintxo-poteo berezia, 21:00etan: hip-hopa, funkya eta breakdance-a dantzatuko dute bidean.